Itxi

Futbola

Gobernuaren erabakia

Greziako liga, etenda PAOKeko jabea pistola batekin zelaira sartu ostean

Erredakzioa

Greziako Gobernuak erabaki du Lehen Mailako futbol txapelketa etetea, PAOK taldeko jabea pistola batekin sartu baitzen zelaira PAOK Salonika-AEK Atenas partidan.

0:56

Greziako Gobernuak erabaki du Lehen Mailako futbol txapelketa etetea, PAOK taldeko jabea zelaira atera baitzen pistola batekin PAOK Salonika-AEK Atenas partidan, epaileak balio gabe utzitako gol bat protestatzeko.

Ivan Savvides da PAOKeko jabea eta Greziako gizon aberatsenetako bat da. Zelaira jauzi egin zuen bi aldiz PAOK Salonika-AEK Atenas partidan; lehen aldian jaka bat zuela zelairatu zen, eta bigarrenean, pistolera aldean zuela, nahiz eta ez zuen pistola atera.

"Lehen Mailako futbol txapelketa etetea erabaki dugu. Txapelketa ez da berriro abian jarriko guztion artean adostutako neurri batzuk hartu arte. Horrela soilik egin ahalko dugu aurrera, legeak errespetatuz", adierazi du Georgios Vassiliadis Greziako kirol eta kultura ministroak. "Gure aldetik, neurriak gogorrak dira segurtasunari dagokionean. Behar diren neurri guztiak hartuko ditugu segurtasuna bermatzeko", gaineratu du Vassiliadisek.

Poliziak galdeketa egin nahi izan zion Savvidesi zelaian baimen gabe sartzeagatik. Poliziaren deklarazioak, ordea, ez zuen aipatu PAOKeko jabeak arma bat zeramala, baina Poliziaren iturri batek baieztatu egin zuen Savvidesek armak izateko baimena zuela. Savvides Georgian jaio zen, eta Errusiako Parlamentuko kidea izan zen. Partaidetza du hainbat enpresatan; Tesalonikako portuko enpresetan, tabako konpainietan eta hedabideetan.