Itxi

Futbola

Fitxaketak

FIFAko presidenteak fitxaketak egiteko gastuak mugatu nahi ditu

Agentziak | Erredakzioa

Gianni Infantinok transferentziak egiteko sistema "irauli" nahi du, baita klub batek izan ditzakeen jokalari kopurua ere.

  • Gianni Infantino, Munduko Txapelketaren ekitaldi batean, Errusian / EFE.

    Gianni Infantino, Munduko Txapelketaren ekitaldi batean, Errusian / EFE.

Gianni Infantinok, FIFAko presidenteak, futbol kluben arteko transferentziak egiteko sistema "irauli" nahi du, operazioetan gardentasuna izateko. Besteren artean, fitxaketak egiteko gastuen muga bat ezarri nahi du, baita talde batek izan ditzakeen jokalarietan ere.

Le Parisien egunkarian adierazi du bere iritzia. "Futbolak ezin du onartu jokalarien transferentziek zalantzak eta susmoak sortzea mundu osoan", idatzi du.

Suitzarrarentzat, futbolaren sinesgarritasun arazoa ez da fitxaketak edo jokalarien ordainsariak gehiegizkoak iruditzea, baizik eta transferentzia horiek "kontrolatzen duen sistemaren hauskortasuna".

"Ondorioak kaltegarriak, oso txarrak dira futbolaren irudirako, batez ere ospea parametro serioetatik kanpoko hitzarmenen araberakoa bada", uste du Infantinok.

FIFAko presidentearen apustua "klub batek izan ditzakeen jokalarien kopurua murriztea" da, "eta are garrantzitsuagoa", transferentzien dirua nola gastatzen den arautzea.

Onartezina iruditzen zaio talde batek "dozenaka" kontratudun futbolari izatea, eta batzuk aurkariak izan litezkeen beste klubei ematea, "hori jokoaren sinesgarritasunaren kontra doalako" eta "futbolarien balorearen espekulazioari mesede egiten dio”. "Etikaren eta gizatasunaren ikuspuntutik onartezina" da Infantinorentzat.

Bere ideia ez da ordainsarietan eta transferentzietan mugak ezartzea, baina bai "talde batek gastatu dezakeena mugatzea".

Bidezko sistema bat ziurtatzeko modu bakarra, FIFAren presidentearen arabera, jokalari bat hazten duten taldeak saritzea eta, orokorrean, "diruak dena zapuztu ez dezan" taldeak eta futbolariak babestea.