Itxi

Futbola

Libertadoresko finala

River – Boca partida abenduaren 8an edo 9an jokatuko da, Argentinatik at

agentziak | erredakzioa

Alabaina, Boca Juniorsko presidenteak ez du norgehiagoka izaterik nahi.

  • River Plateko zelaia: Monumental futbol-zelaia.

    River Plateko zelaia: Monumental futbol-zelaia. Argazkia: EFE

Aurtengo Libertadores Kopako irabazlea nor izango den erabakiko duen bueltako partida, River Plate eta Boca Juniors talde argentinarrek elkarren artean lehiatu behar dutena, abenduaren 8an edo 9an jokatuko da Argentinatik kanpo. Hala adierazi du astearte honetan txapelketa antolatzeko ardura duen Conmebol erakundeak.

Horren aurrean, bost herrialde agertu dira norgehiagoka hartzeko hautagai gisa, nahiz eta Boca Juniorsek ez duen inondik inora partida jokatu nahi; are gehiago, taldeko arduradunek aurreratu dutenez, auzia Kirol Arbitrajeko Auzitegira eramateko prest daude.

Hain zuzen ere, Daniel Angelici Bocako presidenteak Conmeboli eskatu dio partida ez jokatzea, River Plate kaleratzea, eta, ondorioz, Boca Juniors izatea behin betiko txapelduna.

"Ez dugu onartzen inongo neurketarik jokatzea", adierazi du Angelicik irmotasunez. Bocako presidentearen iritziz, araudia euren alde dago: "Conmebol barruan ditugun aukera guztiak agortuko ditugu. Behin horiek amaituta, Kirol Arbitrajeko Auzitegira jo behar badugu, hala egingo dugu".

Horrenbestez, finaleko itzulikoa Argentinatik at jokatuko dela jakin denean, Miami, Qatar eta Asuncion (Paraguai) agertu dira neurketa hartzeko hautagai sendo gisa. Dena dela, ez dira bakarrak; izan ere, Belo Horizontek (Brasil) eta Medellinek (Kolonbia) ere euren buruak aurkeztu dituzte.