Itxi

Futbola

Errege Kopa

Bartzelona eta Real Madril, prest finalerdietako joanekorako

Erredakzioa

Errege Kopako finalerdietako klasikoaren joaneko neurketa jokatuko da gaur, 21:00etan, Camp Noun.

  • Bartzelona - Real Madrid. Argazkia: EFE

    Bartzelona - Real Madril partidako infografia. Argazkia: EFE

Errege Kopako finalerdietako joaneko neurketa jokatuko dute Bartzelonak eta Real Madrilek gaueko 21:00etan, Camp Nou estadioan. Denboraldi honetako bigarren klasikoa izango da, Ligan orain arte bakarra jokatu baita, Bartzelonak 5 eta 1eko emaitzarekin irabazi zuena.

Barçak Ligako klasikoan lortu zuen garaipenaren eraginez, Julen Lopetegui Real Madrileko entrenatzailea kargugabetu egin zuten. Norgehiagoka hartan ez zuen Lionel Messik jokatu. Argentinarra zalantza izan da egunotan, min hartuta amaitu baitzuen Valentziaren aurka jokatutako larunbateko partida, baina prest egongo da asteazkenerako. Bartzelonak, ordea, Dembele ez du jokatzeko prest izango, ezta Cillesen atezaina ere. Busquetsek partida bateko zigorra bete zuen Valentziaren aurka, eta hamaikakora itzuliko da. Jordi Albak ezingo du igandean Athleticen aurka jokatu zigortuta dagoelako, eta hasieratik jokatuko du Real Madrilen aurka.

Ernesto Valverde entrenatzaileak, honako hamaikakoa zelairatuko du: Ter Stegen atean, Jordi Alba, Lenglet, Piqe eta Semedo edo Sergi Roberto defentsako lerroan, Busquets, Arthur eta Rakitic zelai erdian, eta Coutinho, Luis Suarez eta Messi aurrealdean.

Santiago Solari Real Madrileko entrenatzaileak bere lehen klasikoa zuzenduko du. Teknikari argentinarrak jokalari guztiak prest ditu, denboraldian zehar futbolari askok lesioak izan ostean.

Joaneko neurketa honetarako, Solarik honako hamaikakoa aterako du: Keylor Navas atean, Reguilon edo Marcelo, Sergio Ramos, Varane eta Carvajal defentsako lerroan, Casemiro, Kroos eta Modric zelai erdian, eta Vinicius, Lucas Vazquez eta Benzema aurrealdean. Garteh Balek aulkitik itxarongo du bere txanda.

Ustzeko hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Lenglet, Jordi Alba; Sergio Busquets, Rakitic, Arthur; Messi, Coutinho, Luis Suarez.

Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric; Lucas Vazquez, Vinicius, Benzema.

Epailea: Mateu Lahoz.

Zelaia: Camp Nou.

Ordua: 21:00etan.