Itxi

Futbola

ERREGE KOPA

Bartzelonak eta Real Madrilek bana egin dute eta Bernabeun erabakiko da kanporaketa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuriak hasi eta berehala hartu dute aurre Lucas Vazquezen bidez. Bigarren zatian iritsi da etxekoen berdinketa, Malcomi esker.

  • Rakitic eta Marcelo

    Rakitic eta Marcelo baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Bartzelona eta Real Madril elkarren artean lehiatzen ari diren Errege Kopako lehen finalerdia Bernabeun jokatuko den bueltako partidan erabakiko da, bi taldeek bana (1-1) berdindu baitute asteazken honetan, Camp Noun izandako joaneko norgehiagokan.

Santiago Solari argentinarrak entrenatzen duen talde madrildarrak oso indartsu ekin dio neurketari, eta hala iritsi da, ia hasi eta berehala, Lucas Vazquezen gola. Etxekoek, ordea, bigarren zatira arte itxaron behar izan dute markagailua parekatzeko, Malcom brasildarraren eskutik.

Talde bakoitza partidako zati batean nagusitu da, eta horren adierazle garbia izan da noiz lortu dituzten golak batak eta besteak.

Hain justu ere, madrildarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, baina batez ere hastapeneko 20 minutuetan. Dena den, zurien minutu on horiek ez dute jarraipenik izan lehia osoan zehar, eta katalanek partidaren aginte makila bereganatu dute bigarren 45 minutuetan.

Leo Messik azken ordu erdia eman du zelai gainean, baina ez da erabakigarria izan, bera zelairatu aurretik erdietsi baitu Malcomek Bartzelonaren berdinketaren gola.

Hartara, Valverderen taldeak ezinbestean sartu behar du golen bat Real Madrilen etxean txapelketako finalean egon nahi badu. Madrildarrei, ordea, hutsean berdintzeak balioko lieke Benito Villamarinek hartuko duen azken neurketa handira sailkatzeko.

Fitxa teknikoa:

Bartzelona 1: Ter Stegen, Semedo, Pique, Lenglet, Alba, Busquets, Rakitic (Arturo Vidal, 62. min), Arthur, Malcom (Aleñá, 75. min), Suarez eta Coutinho (Messi, 63. min).

Real Madril 1: Keylor Navas, Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo, Marcos Llorente (Casemiro, 63. min), Modric, Kroos; Lucas Vazquez (Asensio, 83. min), Benzema eta Vinicius Jr (Bale, 63. min).

Golak: 0-1, 6. min: Lucas Vazquez. 1-1, 58. min: Malcom.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Semedo, Suarez, Alba eta Arturo Vidal (Bartzelona); Sergio Ramos eta Marcelo (Real Madril).