Futbola
Formatu aldaketa
Espainiako Superkopa lauko final bat izango da hurrengo ediziotik aurrera
Agentziak | Erredakzioa
Ligako lehenengo bi sailkatuek eta Errege Kopako finalistek lauko finala jokatuko dute, Espainiatik kanpo.
-
2015eko Superkopa irabazi zuen Athleticek / Argazkia: EFE.
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak iragarri duenez, Espainiako Superkoparen formatua aldatu egingo da hurrengo udan, eta Ligako lehenengo bi sailkatuen eta Errege Kopako finalisten arteko lauko final bat bilakatuko da. Lehiaketa Espainiatik kanpo jokatuko da. RFEFek proposamena apirilean onartzea espero du presidenteak.
"Espainiako Superkopa Espainiatik kanpo jokatuko da. Batzarrari proposatuko diot eredu aldaketa berria, Kopako finalistek eta Ligako lehen eta bigarren taldeek osatuko duten lauko finala egiteko. Kointzidentzia badago, Errege Kopako sailkapen historikoa erabiliko dugu. Eredu berri honen bidez beste klub profesional batzuek ere parte hartzea lortuko dugu. Lauzpabost egunean jokatuko da, eta apirilean onartzea espero dugu. Bizpahiru talde gehiagok dirua irabazteko aukera zabaltzen du", iragarri du Rubialesek.
Iaz, Superkopa lehenengo aldiz jokatu zen Espainiatik kanpo, Tangerren (Maroko), partida bakarrean. Hurrengo edizioan, alde batetik, Kopako txapelduna eta Ligako bigarrena, eta bestetik, Kopako txapeldunordea eta Ligako txapelduna aurrez aurre aritzea aurreikusten du Rubialesek.
Liga ezberdinak Espainiatik kanpo neurketak jokatzearen kontra egoteari buruz duen iritzia jakin nahi izan dute kazetariek, eta Rubialesek gogoratu du Superkopan ez dela urratzen "etxekoek etxean jokatzearen oinarrizko printzipioa". "Udako txapelketa neutralek ez dute sekulako interesa sortzen klubetako bazkideen artean. Aukera bat ikusten dugu Espainia Markarentzako, kirolaren oinarriak urratu gabe", esan du.
Zentzu horretan, Espainiako Federazioko presidenteak gogorarazi du "FIFA oso argi" egon zela Girona-Bartzelona Miamin jokatzearen kontra. Proposamen hura ez zen aurrera atera. "Noizbait irizpide hori aldatzen bada eta gu puzzle horretako zati bagara, esaten digutenari kasu egin beharko diogu. Baina, zalantzarik gabe, arrazoi ekonomikoengatik norbaiti etxean jokatzea galarazten badiozu kirolaren esentzia hausten ari zara", nabarmendu du.