Itxi

Futbola

ERREGE KOPA

Bartzelonak Bernabeun irabazi du eta bere seigarren finala jokatuko du jarraian (0-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Katalanek hiru gol sartu dituzte bigarren zatian, Real Madrilek lehenengokoan hainbat aukera argi alferrik galdu eta gero.

  • Luis Suarek bere taldeak sartutako hiru goletatik bi egin ditu

    Luis Suarek bere taldeak sartutako hiru goletatik bi egin ditu. Argazkia: EFE

Bartzelona Kopako sei final jarraian jokatuko dituen historiako lehen taldea bihurtu da asteazken honetan, Bernabeun Real Madrili 0-3 irabazi eta gero. Talde katalanaren gol guztiak bigarren zatian iritsi dira: Luis Suarezek bi sartu ditu eta Varanek egin du hirugarrena, bere atean.

Dena den, Real Madrilek lehenengo zatian hainbat aukera garbi pilatu ditu kanporaketa bere alde erabakitzeko (1-1 egin zuten joanekoan), baina ez du asmatu Ter Stengenen atea zulatzeko zereginean. Vinicius Junior brasildarrak izan ditu bereziki abagune argienak (lau guztira).

Haatik, madrildarrak kamuts ibili dira, eta Bartzelonaren aurreneko gola jaso dutenean (50. minutua), behera egin dute nabarmen.

Ousmane Dembele frantziarrak parte-hartze azpimarragarria izan du Bartzelonaren lehen bi goletan. Lehendabizikoan, ezker hegaletatik egin duen barneraldiaren osteko erdiraketak partidako aitzinekoa sartzea ahalbidetu dio Luis Suarezi.

Valverdek entrenatzen duen taldearen bigarren golean ere esku-hartze erabakigarria izan du Dembelek. Frantziarrak eskuin hegaletik erdiratu du oraingoan, eta Varane atzelariak, arriskua alderatu ordez, bere ate barrura bota du baloia, Suarezen presioak eraginda (69. min).

Suarezek berak eman dio amaiera Bartzelonaren gol-sortari, penalti-jaurtiketa baten bidez, Casemirok aurrelari uruguaitarrari area barruan falta egin ostean.

Fitxa teknikoa:

0 - Real Madril: Keylor Navas, Carvajal, Varane, Ramos, Reguilon, Modric, Casemiro (Valverde, 75. min), Kroos, Lucas Vazquez (Bale, 68. min), Benzema eta Vinicius (Marco Asensio, 81. min).

3 - Bartzelona: Ter Stegen, Semedo, Pique, Lenglet, Jordi Alba, Sergi Roberto, Busquets (Arthur, 85. min), Rakitic, Messi, Luis Suarez (Vidal, 78. min) eta Dembele (Coutinho, 75. min).

Golak: 0-1, 50. min: Luis Suarez. 0-2, 69. min: Varane, bere atean. 0-3, 73. min: Luis Suarez, penaltiz.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horiak: Lucas Vazquez eta Casemiro (Real Madril); Busquets eta Semedo (Bartzelona).