Itxi

Futbola

2019ko Munduko Kopa

Estatu Batuak, Munduko Kopako lehen finalista

Agentziak | Erredakzioa

Amerikarrek Ingalaterrari irabazi zioten (1-2) eta txapelketako finalerako sailkapena eskuratu dute. Bertan, Herbehereak eta Suediaren arteko garailearen aurka jokatuko dute.

  • Alex Morgan (13). Argazkia: EFE

    Alex Morgan (13). Argazkia: EFE

Estatu Batuetako selekzioak 2019ko Munduko Kopako finalerako sailkapena lortu du, finalaurrekoan Ingalaterrari irabazi ostean (1-2). Finala Herbehereak eta Suediaren arteko partidako garailearen aurka jokatuko du, igandean, Lyonen.

Partidak erritmo altua eta taktika erakargarriak izan zituen ikuslearentzat, txapelketako kanporaketarik onenetarikoa izanik.

Hala ere, partida azkar jarri zen estatubatuarren alde eta bazirudien amerikarrek garaipenari eutsiko ziotela amaierara arte. Izan ere, 10. minutuan, Kelley O´Harak eskumako hegaletik egindako erdiraketa buruz errematatzea lortu zuen Christen Pressek, lehenengo gola lortuz (0-1).

Baina ingelesek jasotako kolpea ez zuen haien planteamendua zapuztu eta berehala erantzun zuten. Ellen Whitek alboko beste erdiraketa bat errematatu zuen eta banakakoa jarri zuen, 19. minutuan, markagailuan. Alabaina, Alex Morgan aurrelari famatuak, eta partida honetan kapitaina izandakoak, erabakigarria izango zen amerikarren bigarren gola lortu zuen (1-2).

84. minutuan, nahiz eta bazirudien partida erabakita zegoela, epaileak Ingalaterraren aldeko penaltia adierazi zuen. Baina Steph Houghtonek huts egin zuen eta Alyssa Naeher atezainak binakakoa saihestu zuen.

Horrenbestez, Estatu Batuetako selekzioak finalaurrekoetako partida irabazi egin zuen eta 2019ko Frantziako Munduko Kopako finala jokatuko du, Herbehereak eta Suediaren arteko partidako garailearen aurka, igandean.

Fitxa teknikoa

1 - Ingalaterra: Carly Telford; Lucy Bronze, Steph Houghton, Millie Bright, Demi Stokes; Keira Walsh (Jade Moore, 71. min), Jill Scott, Beth Mead (Fran Kirby, 57. min), Rachel Daly (Georgia Stanway, 89. min); Nikita Parris eta Ellen White.

2 - Estatu Batuak: Alyssa Naeher; Kelley O'Hara (Ali Krieger, 87. min), Becky Sauerbrunn, Abby Dahlkemper, Crystal Dunn; Julie Ertz, Rose Lavelle (Samantha Mewis, 65. min), Lindsey Horan; Christen Press, Tobin Heath (Carli Lloyd, 79. min) eta Alex Morgan.

Golak: 0-1, 10. min: Press. 1-1, 19. min: White; 1-2, 31. min: Morgan.

Epailea: Edina Alves Batista (BRA).