Itxi

Futbola

Erabakia

Bartzelonak entrenatzaile kargutik kendu du Ernesto Valverde

Erredakzioa

Josep Maria Bartomeu presidentea buru duen zuzendaritza batzordeak Valverdek taldea zuzentzen ez jarraitzeko erabakia hartu du.

  • Ernesto Valverde. Argazkia: EFE

    Ernesto Valverde. Argazkia: EFE

Ernesto Valverdek ez du Bartzelona taldea entrenatzen jarraituko, Josep Maria Bartomeu presidente duen zuzendaritza batzordeak Valverde kargutik kentzea erabaki baitu.

Espainiako Superkopako finalerdietan Atletico Madrilen aurka galdu ostean, klubean zegoen ustezko lasaitasuna amaitu zen, eta Barçan bi denboraldi eta erdi egin ostean, Valverdek ez du bertan jarraituko.

Valverderen zuzendaritzapean, Bartzelonak azken bi Ligak (2018-2019 eta 2019-2020 denboraldietakoak) irabazi ditu, baita 2017-2018 denboraldiko Errege Kopa eta 2018ko Espainiako Superkopa. Hala ere, zaleek ez dute ahaztuko 2017-2018 denboraldian Txapeldunen Ligako final-laurdenetan Erromak kanporatu egin zuela, ezta iaz Txapeldunen Ligako finalerdietan Liverpoolen aurkako kanporaketa nola galdu zuen ere. Joaneko partidan Barçak lortu zuen 3-0koa irauli egin zuen Erromak, 4-1eko emaitzarekin irabazita, eta Liverpoolek ere buelta eman zion 3-0koari, itzuliko partidan 4-0 irabazita.

Bartzelona eta Valverde lotzen zituen kontratua 2020ko ekainaren 30ean amaitzen zen, baina denboraldia amaitu baino lehen kargugabetu dituztenez, beste denboraldi bat ere ordaindu beharko die Barçak Ernesto Valverderi eta horren lankideei.