Itxi

Futbola

Helburua: La Cartuja

Athleticek eta Realak gol bateko aldea defendatuko dute

eitb.eus

Asteazkenean gipuzkoarrek Mirandesen kontra jokatuko dute Anduvan eta ostegunean bizkaitarrek Granadaren aurka Los Carmenesen.

  • Mirandes, Realaren zain

    Mirandes, Realaren zain

Athletic Clubek eta Realak Errege Kopako Sevillako finalean egoteko finalerdietako joaneko partidetan lortutako gol bateko aldea defendatuko dute.

Zuri-gorriek 1-0 irabazi zuten Granadaren kontra San Mameseko futbol-zelaian Iker Muniainek lortutako gol bati esker eta talde txuri-urdinak 2-1 gainditu zuen Mirandes Mikel Oyarzabal eta Martin Odegaard jokalarien golekin.

Asteazkenean Realaren txanda izango da Anduvako futbol-zelaian, gaueko 21:00etan. Mirandes etxean oso talde indartsua da eta 2012an bezala (Kopako finalerdietan Athleticek kanporatu zuen Carlos Cousok zuzentzen zuen taldea), etxean lortutako emaitzei esker egin dute aurrera Kopan Andoni Iraolaren gizonek.

Garai hartako Pablo Infante, Caneda eta Martins bezalako jokalariek ordezkoak dituzte jada, Merquelanz, Matheus, Alvaro Rey bezalako jokalarietan, esaterako... eta horiek Lehen Mailako Celta, Sevilla eta Vila-real taldeak kanporatu dituzte merezimendu osoz.

Imanol Alguacilen Reala oso ondo dago ligan, baina lasai egoteko arrazoirik ez dute ikusita aurkariaren emaitzak etxean naiz eta Bigarren Mailan aritu.

Bestalde, ostegunean, gaueko 21:00etan, Athleticen txanda izango da Los Carmeneseko futbol-zelaian (San Mamesen 1-0 gainditu zuten Granada). Talde andaluziarra denboraldi ona egiten ari da bere etxean, beraz, Diego Martinezen jokariak gainditzea ez da batere erraza izango, abenduaren 14tik ez dute galtzen Los Carmenesen eta Bartzelonak berak bertan galdu du, adibidez.

Gaizka Garitanoren taldeak hamar partida zeramatzan Ligan irabazi gabe igandean Vila-real gainditu arte (1-0), beraz, albiste ezin hobea Kopari aurre egiteko. Granadan Roberto Soldado aurrelariak ezin izango du jokatu eta Athleticen Dani Garcia, biak txartelengatik zigortua.