Itxi

Futbola

Koronabirusaren krisia

Premier Leaguek eta Bundesligak ere partidak bertan behera utzi dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Ingalaterraren kasuan, Mikel Arteta donostiarraren positiboak eragin handia izan du.

  • Bundesligako partida baten irudia

    Bundesligako partida baten irudia. Argazkia: Efe.

Ingalaterrako futbol ligak txapelketa bertan behera utzi dutela iragarri dute, apirilaren 3a arte, Mikel Arteta donostiarraren eta Callum Hudson-Odoiren positiboen berri izan ostean. Beste herrialdeetako ligek ere lehiaketak bertan behera utzi dituzte.

Ostegun honetan Mikel Arteta Arsenaleko entrenatzaileak positibo eman ostean, Ingalaterrako ligako arduradunek premiazko bilera egitea erabaki dute koronabirusarekin zer egin erabakitzeko.

"Bileran aho batez erabaki dugu Premier League bertan behera uztea apirilaren 4a arte, osasun arduradunen gomendioei jarraituta eta momentuko egoera kontuan izanda", adierazi dute komunikatu batean.

Bundesliga ere

Alemaniako ligari dagokionez, goizean asteburuko jardunaldian jokatuko zela adierazi duten arren, azkenean txapelketa etetea erabaki dute, koronabirusak eragindako egoerak behartuta.

Hori da Alemanikoa futbol ligako batzorde eragileak erabaki duena, koronabirusarekin gertatzen ari dena ikusita. "Helburua, kirol aldetik, denboraldia udarako amaituta egotea da oraindik, batez ere denboraldia aurreikusi baino lehen amaitzeak ondorio latzak izan ditzakeelako klub batzuentzat", esan dute Alemaniako futbol ligako arduradunek ohar batean.