Itxi

Futbola

Mendizorrotza, 19:30ean

Alavesek eta Osasunak mailari eusteko azken bultzada nahi dute gaur

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde biek 35 puntu dituzte eta 9 puntuko aldea dute Mallorcarekiko, une honetan jaitsiera postuetan dauden hiru taldeen artean onena denarekiko.

  • Alaves eta Osasunako jokalariak golak ospatzen aurtengo ligan.

    Alaves eta Osasunako jokalariak golak ospatzen aurtengo ligan. Argazkia: EFE

Alavesek eta Osasunak Lehen Mailan jarraitzea dute helburu, eta gaur indarrak neurtuko dituzte Mendizorrotzan, LaLigako hogeita hamaikagarren jardunaldiko partida parekatuan.

Bi taldeek 35 puntu dituzte eta 9 puntuko aldea dute Mallorcarekiko, une honetan jaitsiera postuetan dauden hiru taldeen artean onena, beraz, batak zein besteak bi garaipena lortuz gero, ia behin betiko pausoa izango lukete sailkapenean arazorik ez izateko.

Arabarrek lehenbailehen ahaztu nahi dute aurreko jardunaldian jasotako jipoia, Celtaren aurka 6-0 galdu baitzuten, eta, hartara, Balaidosen emandako itxura eskasetik aldendu nahi dira mailari eusteko birtualki bermatzeko.

Babazorroak bere etxera itzuliko dira, erosoen sentitzen diren lekura, hain zuzen, baita ikuslerik gabe ere, geldialdiaren ostean lortutako hiru puntu bakarrak han erdietsi baititu Realaren kontra irabazita (2-0). Gainera, azken zazpi partidetatik bakarra galdu du.

Itxura guztien arabera, Asier Garitanok hainbat aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, aurreko partidetan gertatu den bezala, eta lehenengoa atean irits daiteke, Fernando Pachecoren itzulerarekin.

Entrenatzaile gipuzkoarrak defentsan garrantzitsuak diren hainbat gizon berreskuratuko ditu, Ruben Duarte ezker hegalekoa, esaterako, partida bateko zigorra bete ostean. Horrez gain, Rodrigo Elyk Lisandro Magallanen lekua har dezake atzealdean.

Nahitaezko aldaketa eskuin hegalean iritsiko da, eta Martin Aguirregabiria zigortuta egongo baita. Ondorioz, Ximo Navarro hasierako hamaikakora bueltatuko da.

Zigorra bete eta jokatzeko prest egongo den beste jokalari bat Tomas Pina izango da, eta Victor Camarasarekin batera zelaiaren erdian egongo da.

Aleix Vidal ez da garaiz iritsiko partida honetarako, beraz, Borja Sainz eta Luis Rioja arituko dira hegaletatik erasoan. Joselu Mato eta Lucas Perez izango dira jokalaririk aurreratuenak.

Osasuna ere Realaren aurka emandako irudia (1-1) berreskuratzen saiatuko da, Ligako etenaren ondoren jokatu zuen lehian, gerora porrot garbiak hartu baititu Atletico Madrilen eta Valentziaren aurka (0-5 eta 2-0, hurrenez hurren).

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, bere taldeak "inoiz baino gehiago behar du entrenatzailea, zuzentzeko asko dagoelako". "Kezkatuta nago, baina bihar taldeak beste aurpegi bat emango duen sentsazioarekin ere bai", adierazi du entrenatzaileak azken saioan.

Osasunak "hobeto kokatuta egon beharko du zelaian, presiora hobeto iristeko, eta baloiarekin hobeto egoteko", Valentziaren aurka lehen zatian egon zena baino, ondo egin zuena indartzeko asmoz.

Arrasatek Alaves onena ikustea espero du: "Mendizorrotzan urte oso ona egin du, emaitza onak lortu ditu eta Reala bezalako talde zailen aurka partidak irabazi ditu".

Liga amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan, nafarrek Mendizorrotzara egingo dute jauzi geldialdiaren osteko lehen hiru puntuen bila, sailkapenean orain arte izan ez dituzten arazoak saihesteko. Arrasatek salbazioa lehenbailehen lortzea espero du, bere merituengatik, "eta ez besteek puntuak batzeari uzten diotelako", gaineratu du.

Talde nafarrak iragarritako deialdiko albiste nagusia Kike Barja da, bere lesiotik osatuta ostean.

Balizko hamaikakoak:

Deportivo Alaves: Pacheco, Ximo, Laguardia, Ely, Duarte; Borja Sainz, Tomás Pina, Camarasa, Luis Rioja, Joselu eta Lucas Pérez.

Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Unai García, Aridane, Estupiñán, Roberto Torres, Moncayola, Oier, Rubén García, Cardona eta Gallego.

Epailea: Alejandro Hernández Hernández.

Futbol-zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 19:30.