Itxi

Futbola

Errege Kopa

Alcoyanok ezustekoa eman du Real Madril kanporatuta

A. B. | EITB Media

Alacanteko taldeak 2-1eko emaitzarekin lortu du garaipena Kopako final-hamaseirenetan. Partidako 109. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu da Alcoyano, eta 115.ean sartu du garaipenaren gola.

1:08
2. B Mailako Alcoyanok Real Madril kanporatu du

Alcoyanok ezustekoa eman du Errege Kopan, Real Madril kanporatu baitu final-hamaseirenetan. Alacanteko Bigarren B Mailako taldeak 2-1eko emaitzarekin lortu du garaipena Collao futbol zelaian jokatu den partidan, eta final-zortzirenetarako txartela eskuratu du.

Eder Militaok sartu du neurketako lehen gola (0-1) partidako 44. minutuan, Real Madril aurretik jarriz. Bigarren zatian, Zidanek zuzentzen duen taldea izan da nagusi, baina ez da bigarren gola sartzeko gai izan, eta Solbesek banakoa jarri du markagailuan (1-1), 81. minutuan.

Luzapenean, Alcoyano jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak Ramon Lopez egotzi baitu 109. minutuan bigarren txartel horia aterata. Hala ere, 115. minutuan, Juananek gola sartu du Alcoyanorentzat (1-2), eta Alacanteko taldeak garaipena lortu du azkenean.

Fitxa teknikoa:

Alcoyano: Jose Juan; Carbonell (Molto, 60. min), Jordan (Juli, 60. min), Primi, Raul; Angel, Jona (Solbes, 60. min), Ñiguez (Diakite, 78. min), Juanan; Alberto Rubio (Ramon Lopez, 72. min) eta Mourad (Anton, 106. min).

Real Madril: Lunin; Odriozola (Hazard, 98. min), Chust, Militao, Marcelo; Casemiro, Fede Valverde, Isco (Kroos, 98. min); Lucas Vazquez, Vinicius (Asensio, 90. min) eta Mariano (Benzema, 67. min).

Golak: 0 - 1, 44. min, Militao. 1 - 1, 80. min, Solbes. 2 - 1, 115. min, Juanan.

Epailea: Sanchez Martinez. Ramon Lopez Alcoyanoko jokalaria egotzi du bi txartel hori aterata (103. eta 109. minutuetan). Bestalde, txartel horia atera die Jordan (32. min), Juanan (34. min), Primi (94. min) eta Juan Jose (116. min) Alcoyanoko jokalariei, baita Mariano (58. min) eta Odriozola (78. min) Real Madrileko futbolariei ere.