Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak final-zortzirenetarako txartela lortu du, Kordoba mendean hartuta

A. B. | EITB Media

Talde txuri-urdinak garaipena lortu du Kordobaren aurka (0-2) eta aurrera egin du Errege Kopan. Willian Josek sartu ditu partidako bi golak.

Kordoba - Reala

Realak garaipena lortu du Kordobaren aurka (0-2) eta Errege Kopako final-zortzirenetarako txartela eskuratu du. Willian Josek sartu ditu partidako bi golak, eta litekeena da asteazken honetakoa brasildarrak talde txuri-urdinarekin denboraldi honetan jokatu duen azken partida izatea, Premier Leagueko (Ingalaterra) Wolverhampton Wonderes taldera joan baitaiteke, utzita.

Lehen zatia abagune gutxikoa eta erritmo motelekoa izan da. Realak Merquelanzek urrunetik egin duen jaurtiketa batekin eman du lehen abisua, eta 15. minutuan penaltia eskatu du Cordoba taldeko jokalari batek baloia eskuarekin jo baitu area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi. Andaluziako taldeak ez du talde txuri-urdina estutasunetan jarri lehen 45 minutuetan.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Realak, eta abagunea izan du 48. minutuan, Kordoba taldeko defentsa batek atepetik atera duen Guridiren erremate baten bidez. Bederatzi minutu beranduago, 57.ean, Willian Josek 0-1ekoa sartu du Roberto Lopezen erdiraketa sare barrura errematatuta.

Talde txuri-urdina baloiaren jabe izan da gola sartu ostean, baina ez du abagunerik izan 80. minutura arte; Kordobako atezainak jaurtiketa desbideratu du, eta Barrenetxeak area txikitik egin duen errematea kanpora joan da, langa gainetik. Andaluziako taldeak huts egin du atzetik baloia ateratzerakoan, eta Willian Josek 0-2koa jarri du markagailuan, area kanpotik jaurtiketa ona egin eta atezaina gaindituta.

Realaren bigarren golak erabakita utzi du norgehiagoka, eta talde txuri-urdinak aurrera egin du Errege Kopan, final-zortzirenetarako txartela lortuta.

Fitxa teknikoa:

0 - Kordoba: Edu Frias; Alex Robles, Xavi Molina, Farrando, Berto Espeso; Traore (De las Cuevas, 65. min), Alberto Del Moral; Oyarzun (Valverde, 60. min), Mario Ortiz, Moutinho (Luismi, 81. min); eta Willy (Piovaccari, 60. min).

2 - Reala: Remiro; Zaldua, Sagnan (Zubeldia, 78. min), Aritz Elustondo (Le Normand, 68. min), Aihen; Zubimendi, Illarramendi (Guridi, 46. min), Roberto Lopez (Oyarzabal, 68. min); Merquelanz, Barrenetxea (Guevara, 84. min) eta Willian Jose.

Golak: 0-1, 57. min: Willian Jose. 0-2, 84. min: Willian Jose.

Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Xavi Molina Kordobako jokalariari, baita Illarramendi eta Aihen Realeko futbolariei. Neurketako 87. minutuan Kordoba Alberto Del Moral egotzi du bi txartel horia aterata.