Itxi

2021/02/07

20:40

Futbola

22. JARDUNALDIA

Osasunak 2-1 menderatu du Eibar eta jaitsiera postuetatik irten da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Neurketa puntu banaketarekin amaituko zela zirudienean, Budimirrek garaipena eman die gorritxoei, 86. minutuan.

0
Osasuna – Eibar partidako laburpena eta gol guztiak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Osasunak asko sufrituta irabazi dio Eibarri (2-1), Calleriren eta Budimirren golei esker. Garaipen horrek jaitsiera postuetatik aldentzea ahalbidetzen dio Jagoba Arrasateren taldeari, eta, aldi berean, egoera okertu dio talde armaginari.

Partidaren garrantziaren ondorioz, bi taldeak buru-belarri zelairatu dira. Etxeko entrenatzaileak hasieratik jarri ditu min hartuta ibili diren Lucas Torro, Budimir eta Aridane, baina Ruben Garcia eta Manu Sanchez izan dira 18. minutuan ezker hegaletik jokaldi bikain eta azkarra antolatu dutenak.

Baloia Calleri aurrelariari iritsi zaio, eta Betisen aurkako partidan kamuts ibili zen aurrelari argentinarrak Dmitrovicengandik urrun jarri du baloia eskuineko oinaren barruko aldearekin jota.

Minutuek aurrera egin ahala, Osasunak atzerapausoa eman du, eta armaginek baloiaren jabetza bereganatu dute eta aukerak izaten hasi dira. Dena den, Eibar taldeko atezain serbiarrak Torroren burukada bat gelditu du, markagailuan 2-0ekoa jarriko zuena.

Alabaina, armaginak ziren ekimena zeramatenak, eta atsedenalditik minutu batera berdinketa erdietsi dute Kike Garciaren gol ederraren bitartez.

Lehen 45 minutuen ostean, Eibarrek aurkariak baino gehiago jarraitu du proposatzen, nahiz eta aukera gutxi sortu dituen. Horietako batean, Yoshinori Muto japoniarraren errematea Sergio Herreraren ateko ezker zutoinetik gertu atera da.

Dmitrovicek, bere aldetik, arratsaldeko geldiketa egin du, Roberto Torresek area kanpotik egindako jaurtiketa bikaina desbideratzeko. Baloiak langan jo du ondoren.

Azkenerako, amaierarako hiru minuturen faltan, Budimirrek 2-1ekoa lortu du, Osasuna jaitsiera postuetatik atera duena. Eibarrek, bere aldetik, 20 punturekin jarraitzen du, jaitsiera postuetan dagoen Valladolidekin berdinduta.

Fitxa tekniko:

2 – Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Aridane, David García, Manu Sánchez; Kike Barja (Roberto Torres, 63. min), Oier (Moncayola, 63. min), Torró, Rubén García (Íñigo Pérez, 90. min); Calleri (Adrián, 71. min), Budimir (Gallego, 90. min).

1 – Eibar: Dmitrovic; Arbilla, Oliveira, Bigas (E. Burgos, 46. min), Soares; Muto, Recio (Diop, 71. min), Edu Expósito (Quique González, 90. min), Bryan Gil; Enrich (Pozo, 71. min), Kike García (Sergio A, 85. min).

Golak: Calleri, 1-0 (18. min). Kike García. 1-1 (44. min). Budimir, 2-1 (87. min).

Epailea: Figueroa Vázquez. Ez du txartelik atera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;