Itxi

Futbola

Athletic Club - Reala

Estrada Fernandezek zuzenduko du Kopako finala

A. B. | EITB Media

Epaile katalanak zuzenduko du Athleticek eta Realak larunbatean jokatuko duten finala. Roberto Alonso eta Guadalupe Porras izango ditu laguntzaile. Iglesias Villanueva egongo da VARean.

  • Kopako finaleko epaileak

    Athletic-RealaKopako finala zuzenduko duen epaileen taldea. Argazkia: RFEF

Xabier Estrada Fernandez epaileak zuzenduko du Athleticen eta Realaren arteko Errege Kopako finala, apirilaren 3an, Cartuja zelaian. Hala jakinarazi du Espainiako Futbol Federazioak ostegun honetan.

Epaile kataluniarrak Roberto Alonso eta Guadalupe Porras izango ditu laguntzaile hegaletan, eta Ignacio Iglesias Villanueva izango da bideo-arbitro laguntzailearen (VAR) arduraduna.

Estradak 12 denboraldi daramatza Lehen Mailako partidak zuzentzen. 2009an ekin zion Espainiako futboleko maila goreneko neurketak zuzentzeari, eta Mallorca-Xerez neurketa izan zuen estreinako norgehiagoka. Guztira 235 Ligako partida zuzendu ditu.

Errege Kopan 42 partida zuzendu ditu, eta apirilaren 3koa izango da bere lehen finala. 2014an Espainiako Superkopako finaleko Real Madril-Atletico Madril joaneko neurketa zuzendu zuen.

2003tik darama nazioarteko norgehiagokak zuzentzen. 2014an 19 urtez azpiko Alemaniaren eta Portugalen arteko finala epaitzeaz arduratu zen, eta Txapeldunen Ligako, Europa Ligako eta selekzioen arteko partidak zuzendu ditu.