Itxi

Futbola

Bartzelona utzi du

Messi, agur Ligaren eta Barçaren historiako golegile nagusiari

EITB Media

Lionel Messik Bartzelona uztea erabaki du lehen taldean 17 urte eman ostean. Klubaren historiako golegile nagusia da, baita Espainiako Ligakoa ere, eta Bartzelonarekin partida gehien jokatu duen futbolaria da.

  • Lionel Messi

    Lionel Messi, Wanda Metropolitanoan sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Lionel Messik Bartzelonan ez jarraitzea erabaki du. Barçarekin kontratu berria sinatzeko negoziazioak ostegun honetan hautsi dira, eta argentinarrak ez du klubean jarraituko. Bartzelonak 2000. urtean fitxatu zuen Messi, eta aurrelariak 17 urte eman ditu lehen taldean.

Bartzelonarekin partida gehien jokatu duen futbolaria da (778), baita klubaren historiako golegile nagusia ere (572 gol). Gainera, Espainiako Ligako golegile nagusia da, guztira 474 gol sartuta. Urrezko Baloi eta Urrezko Bota gehien dituen jokalaria da, seina eskuratu baititu. Txapeldunen Ligako partida baten bost gol sartu zituen lehen jokalaria izan zen; 2012an egin zuen, Bayer Leverkusenen aurkako partidan.

Leo Messik 2003ko azaroaren 16an egin zuen debuta Bartzelonaren lehen taldearekin, Porton, 16 urte zituenean, Frank Rijkaard entrenatzaile zuela. Debutaren ondorengo ia 18 urteak oso arrakastatsuak izan dira.

Titulu hauek lortu ditu Messik Bartzelonarekin: 10 Liga, 4 Txapeldunen Liga, 7 Errege Kopa, 3 Europako Superkopa, 8 Espainiako Superkopa eta 3 Kluben Munduko Txapelketa. Guztira, 35 titulu lortu ditu Barçarekin.