Itxi

Futbola

Euskal derbia

Ligak salaketa jarri du Iñigo Martinezek Anoetan jasotako irainengatik eta objektuen jaurtiketengatik

I. G. | EITB MEDIA

Partidako epaileak, Juan Martinez Munuerak, gorabehera horiek ikusi zituen, eta "zelaiko delegatuari jakinarazi eta, era berean, partidako aktan jaso zituen".

  • David Silva eta Iñigo Martínez

    David Silva eta Iñigo Martínez. Irudia: EFE

Futbol Liga Profesionalak Iñigo Martinezen aurkako irainak eta Reale Arenan objektuak zelaira bota izana salatu ditu, azken jardunaldian Realak eta Athleticek jokatu zuten euskal derbian Bilboko taldeak bota behar zuen korner batean.

Ligak ohar batean azaldu duenez, epaileak partidako aktaren 'Gertakariak' atalean jasotakoaren arabera, partidako 10. eta 45+1 minutuetan, futbol-zelaiaren hegoaldeko harmailetan ('Aitor Zabaleta' harmaila) zeuden 800 zalek "Iñigo Martinez putasemea" abestu zuten modu koordinatuan 9 segundoz. Hala ere, estadioan zeuden gainerako zaleek ez zutela haiekin bat egin gaineratu zuen bertan.

Era berean, epaileak partidako gorabeheren artean jaso zuenez, "aipatutako kantuen ondoren, klubak kantuak gaitzetsi zituen".

Gainera, "partidako 39. minutuan, talde bisitariaren aldeko korner batean, etxeko zaleek hainbat objektu jaurti zituzten zelaira, jokalari bakar bati ere jo gabe", aktaren arabera.

Partidako epaileak, Juan Martinez Munuera valentziarrak, "gertakariak ikusi eta zelaiko delegatuari jakinarazi zion, baita epailearen aktan jaso ere".

Donostiako klubak "objektu jaurtiketa gaitzetsi zuen megafoniatik, eta zelaira objektuak jaurtitzeko debekua gogorarazi".