Itxi

Futbola

DATARIK EZ

Federazioak baieztatu egin du ez dela egongo Euskal Selekzioaren Gabonetako partidarik

EITB MEDIA

Zabaldu duen oharrean adierazi duenez, “ezinezkoa” gertatu zaio “kalitate gorena bermatuko duen norgehiagoka” antolatzea.

  • Euskal Selekzioak jokatu zuen azken partida.

    Euskal Selekzioak jokatu zuen azken partida. Argazkia: EFE

Euskadiko Futbol Federakundeak (EFF-FVF) berretsi egin du asteazken honetan EITBk abenduaren 7an aurreratu zuena, hau da, Euskal Selekzioak ez duela norgehiagokarik jokatuko Gabonetan.

Asteazken honetan plazaratu duen oharrean, Euskadiko Federazioak azaldu du ezin izan duela "kalitate gorena bermatuko duen partida" antolatu.

"Hori izan da gure helburu nagusia hilabete hauetan. Bukaerara arte saiatu gara, baina ezinezkoa izan zaigu horrelako norgehiagoka garrantzitsu bat jokatu ahal izateko osagai guztiak batzea. Benetan, oso atsekabetuta gaude egoera honekin. Ez da espero genuena", adierazi du Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak.

Federazioaren esanetan, "hiru aldagai elkartu nahi izan ditu uneoro: lehen mailako jokalariekin deialdia egitea, ahalik eta publiko gehien har dezakeen futbol zelaia lortzea eta norgehiagoka erakargarria bilakatuko lukeen aurkari garrantzitsua gonbidatzea".

Alabaina, helburu horretan oztopoa izan zaie "Ligak proposatutako ordutegi-aldaketa", hau da, urtarrilerako aurreikusita zegoen Athleticen eta Real Madrilen arteko partida abenduaren 22ra aurreratu izana.

"Ezin hobeto ulertzen dugu horrek guztiak eragin dezakeen frustrazioa, eta, jakina, partekatu egiten dugu. Ez zen gura genuena eta onartzea gogorra izan da. Hemendik aurrera, hiru aldagai horiek martxoan ematea da gure helburu nagusia. Lanean gogor jarraituko dugu, gure helburua Euskal Selekzioa jokalari onenekin ikustea delako, zelairik onenean eta aurkaririk onenaren aurka", amaitu du Landetak.