Itxi

Futbola

16:00ETAN

Igande honetan ekingo diote berriro Kopako Betis - Sevilla partidari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Sevillako derbia ateak itxita jokatuko da futbol-zelai berean eta etenaldiaren unetik hasita (39. minutua).

  • Betis eta Sevillako jokalariak De Burgos Bengoetxea epaile bilbotarrarekin hitz egiten

    Betis eta Sevillako jokalariak De Burgos Bengoetxea epaile bilbotarrarekin hizketan. Argazkia: EFE

Larunbatean bertan behera utzi behar izan zuten Errege Kopako Betis - Sevilla partida igande honetan jokatuko da berriro (16:00), etenaldia gertatu zen unetik hasita (39. minutua). Neurketari ateak itxita ekingo diote, futbol-zelai berean, hau da, Benito Villamarinen.

Neurketako epaileak bertan behera utzi zuen derbia larunbatean, Joan Jordan Sevillako jokalariak harmailetatik jaurtitako plastikozko barra baten kolpea jaso baitzuen buruan, etxeko taldeak bana berdindu ondoren.

Sevillaren arteko derbia igande honetan jokatzeko erabakia Espainiako Futbol Federazioko lehiaketako epaileak hartu du, eta hala jakinarazi die bi taldeei zein Arbitroen Batzorde Teknikoari.

Federazioak plazaratu duen ebazpenean jasotzen denaren arabera, hartutako erabakiaren aurka errekurtsoa jar daiteke datozen 48 orduetan.

Horrez gain, bertan aipatzen denez, neurketan bakarrik parte hartu ahal izango dute larunbatean izena emanda zuten jokalariek.

Lehiaketako epailearen ebazpenak ere gaineratzen du Betisek urtarrilaren 16ko data proposatu zuela lehiari berrekiteko, logistika kontuak argudiatuz; aitzitik, Sevillak, gutxienik, urtarrilaren 19ra arte atzeratzea nahi zuela neurketa, igande honetan jokatzen baldin bada kaltetua izan daitekeelako; izan ere, medikuek Joan Jordan 24 orduz obserbazioan egon dadila gomendatu baitutelako, eta, hartara, ezin izango luke igande honetako norgehiagokan parte hartu.