Itxi

Futbola

Primera Iberdrola Liga

Bartzelona, ligako txapeldun hirugarrenez jarraian

EITB Media

Barça da 2021-2022 Primera Iberdrola Ligako txapelduna, 24. jardunaldian Real Madril mendean hartuta (5-0). Txapelketa amaitzeko sei jardunaldiren faltan erdietsi du titulua Kataluniako taldeak.

  • Bartzelona

    Putellas, garaikurra altxatzen, Barçako taldekideak atzean dituela. Argazkia: EFE

Bartzelona da 2021-2022 Primera Iberdrola Ligako txapelduna. Kataluniako taldeak garaipena lortu du Real Madrilen aurka (5-0) igande honetan (martxoak 13) eta hirugarren denboraldiz jarraian erdietsi du ligako titulua. Txapelketa amaitzeko sei jardunaldi falta dira oraindik, baina Barça txapelduna da jada.

Momentura arte Bartzelonak Primera Iberdrola Ligan jokatu dituen 24 partidak irabazi egin ditu, eta txapelketako neurketa guztiak irabazita bukatzeko bidean doa. Iragan denboraldian Primera Iberdrola Liga, Erreginaren Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi zituen Kataluniako taldeak, eta sasoi honetan iaz lortutakoa errepikatu nahi du.

Igande honetako Real Madrilen aurkako norgehiagokan nagusi izan da Barça, baina kosta egin zaio lehen gola sartzea. Laugarren minutuan epaileak baloigabetu egin du etxeko taldearen gola. 2021ean Urrezko Baloia eta The Best Saria irabazi zituen Alexia Putellasek sartu du 1-0ekoa, 41. minutuan. Bi minutu beranduago, Putellasek jarri du 2-0ekoa markagailuan.

Bigarren zatian nagusi izaten jarraitu du Bartzelonak. Epaileak beste gol bat baliogabetu die blaugranei, 51. minutuan. Bederatzi minutu beranduago, Patri Guijarrok gola sartu (3-0), eta lehia guztiz erabakita utzi du. Jaun eta jabe izan da Bartzelona, eta 65. minutuan 4-0ekoa erdietsi du, Babett Peterrek bere atean sartu duen golari esker. Neurketa erabakita egon arren, Barçak erasora jotzen jarraitu, eta bosgarren gola sartu du (5-0); Jenni Hermoso izan da golegilea. Amaieran, Bartzelona nagusi eta ligako txapeldun.

Fitxa teknikoa:

5 - Bartzelona: Paños; Marta, Pereira (Engen, 69. min), María León, Leila (Pina, 69. min), Aitana, Patri (María Perez, 84. min), Alexia, Graham (Ona, 76. min), Hermoso eta Rolfo (Melanie, 84. min).

0 - Real Madril: Misa; Robles (Svava, 46. min), Peter, Ivana, Olga (Moller, 66. min), Kaci, Oroz, Teresa, Asllani, Athenea eta Esther (Nahikari, 66. min).

Golak: 1-0: Alexia, 41. min. 2-0: Alexia, 43. min. 3-0: Patri, 60. min. 4-0: Peter, 65. min (b.a.). 5-0: Hermoso, 82. min.

Epailea: Arantza Gallastegui.