Itxi

Futbola

VI . EDIZIOA

Athleticek 1-0 irabazi dio Realari, eta Euskal Herria Txapela bereganatu du

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Mikel Vesgak buruz sartutako gol batek garaipena eman die zuri-gorriei, eta bigarrenez dute txapelketa.

1:28
Mikel Vesgak buruz errematatu du golaren falta

Athleticek irabazi du Euskal Herria Txapelaren seigarren edizioa Realari 1-0 irabazita, Lasesarren (Barakaldo) jokatutako partidan.

Mikel Vesgak lehen zatiaren erdialdera buruz sartutako gol bati esker eskuratu dute bilbotarrek denboraldiaurre bakoitzean aurreko denboraldiko bi euskal talderik onenak aurrez aurre jartzen dituen garaikurra.

Erdilari gasteiztarrak buruz ukitu du Alex Berenguerrek ezkerretik erdiratutako falta bat 22. minutuan, eta Zubiaurrerengandik urruti jarri du. Gol horrek ordura arte Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak erakutsitako nagusitasuna islatu du markagailuan, lehen zatiko aukerarik onenak bilbotarrenak izan baitira.

Bigarren zatian indarrak parekatu egin dira, eta bi taldeek eduki dituzte markagailua berriro mugiarazteko aukerak, baina Karrikaburuk, Nico Williamsek (bi aldiz), Braisek, Iñaki Williamsek, Illarramendik eta Merinok ez dute asmatu euren ahaleginak hiru zutoinen artera bidaltzen. Bereziki argiak izan dira Brais, Illarra eta Williams anaietako gazteenak izandako abaguneak.

Horrenbestez, Athleticek eskuratu du garaipena hurrengo asteburuan martxan jarriko den Liga txapelketari begira entsegu nagusietako bat izan den norgehiagokan

FITXA TEKNIKOA:

1 - Athletic Club: Iru; Lekue (De Marcos, 65. min), Vivian, Yeray (Paredes, 46. min), Yuri; Vesga, Zarraga (Dani García, 82. min), Sancet (Villalibre, 82. min); Iñaki Williams, Berenguer (Muniain, 65. min) eta Raúl García (Nico Williams, 50. min).

0 - Real Sociedad: Zubiaurre; Gorosabel (Jo Gómez, 82. min), Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; Illarramendi (Urko González, 76. min), Merino, Brais Méndez (Olasagasti, 82. min); Barrenetxea (Robert Navarro, 63. min), Take Kubo (Arambari, 76. min) y Carlos Fernández (Karrikaburu, 62. min).

Golak: 1-0, 22. min: Vesga.

Epailea: Ricardo de Burgos Bengoetxea. Diego Rico kanporatu du 71. minutuan, bi txartel hori erakutsi ostean (52. eta 71. minutuak). Horrez gain, txartel horiak atera zizkien honako jokalari hauei: Sancet (Athletic); Le Normand, Illarramendi eta Olasagasti (Reala).