Itxi

Futbola

F LIGA

Emakumezkoen Ligako epaileek bertan behera utzi dute greba, akordio batera iritsi ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bigarren jardunaldiarekin hasiko da F Liga asteburu honetan, estreinako jardunaldia, lanuztea tarteko, jokatu barik geratu eta gero.

  • Epaileen ordezkariak agerraldi publiko batean.

    Epaileen ordezkariak agerraldi publiko batean. Argazkia: EFE

F Liga, emakumezkoen futbol txapelketa nagusia, asteburu honetan hasi ahal izango da, epaileek euren jarduna profesionalizatzeko akordioa lortu baitute; izan ere, epaileek lan baldintzak hobetzea eskatzen zuten, eta lanuztea egin zuten lehiaketaren lehen jardunaldian, txapelketa hastea eragotzi zuena.

Horrela, Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) asteazken gauean adierazi zuenez, atzoko egunean zehar hainbat elkarrizketa izan zituen Kirol Kontseilu Gorenarekin (CSD), egoera desblokeatzen lagundu zutenak eta "emakumezkoen futbolean epaileen jarduna profesionalizatzeko akordio historikoa" erdiestea ekarri zutenak.

Sei denboraldirako izango den akordio horren esparruan, "CSDk, lehenengo hiru denboraldietan, 350.000 euroko aparteko ekarpena egingo du. Zenbateko hori karrera amaierako funts baterako izango da, eta epaileek euren ibilbide profesionala amaitu ondoren erabili ahal izango dute".

Gainera, RFEFk adierazi duenez, "diru kopuru bera emango dio lehen hiru urteetan Emakumeen Futboleko Liga Profesionalari (LPFF), Koordinazio Hitzarmenaren bidez osorik klubei bideratzeko, txapelketan parte hartzen duten epaileen gastuei aurre egiteko".

Bere aldetik, F Ligak ere ohar propioa kaleratu zuen esanez emakumezkoen futbol txapelketa profesionala asteburu honetan hasiko dela, "1. jardunaldiko gertaera lotsagarriaren ondoren, inolaz ere baimendu behar izan ez zena".

F Ligak plazaratutako oharrean, epaileek, hemendik aurrera, partida bakoitzeko jasoko dituzten ordainsariak zein izango diren zehaztu zituen:

Epailea nagusia: 300 euro jasotzetik 1.666 euro jasotzera igaroko da.

Epaile laguntzaileak: 166 euro jasotzetik 1.066 euro jasotzera igaroko dira.

Laugarren epailea: 84 euro jasotzetik 250 euro jasotzera igaroko dira.