Itxi

Futbola

Kopako finala

Nafarroako Futbol Federazioak Kopako finalaren asteburuko partida guztiak atzeratu ditu

EITB MEDIA

Atzeratu egin dute maiatzaren 6ko eta 7ko asteburuan Nafarroan jokatu behar zuten futbol jardunaldi osoa; izan ere, "Nafarroatik Sevillara zaleen joan-etorri oso handia" espero dute, Osasunak Real Madrilen aurka jokatuko duen finalerako.

  • Osasunako milaka zale izango dira Sevillan, maiatzaren 6an, Kopako finalerako. Argazkia: EFE.

    Osasunako milaka zale izango dira Sevillan, maiatzaren 6an, Kopako finalerako. Argazkia: EFE.

Nafarroako Futbol Federazioak maiatzaren 6ko eta 7ko asteburuan Nafarroan jokatu behar zuten futbol jardunaldi osoa atzeratzea erabaki du; izan ere, maiatzaren 6an, Sevillan, Cartujan, Osasunak Kopako finala jokatuko du, Real Madrilen aurka, eta "Nafarroatik Sevillara zaleen joan-etorri oso handia" espero dute.

Asteazkenean Nafarroako Futbol Federazioak jakitera eman duenez, aurreikuspena da "zaleen joan-etorri oso handia" izatea asteburu horretan, finala Sevillan bertatik bertara ikusteko.

Zale horien artean, Nafarroako klubetako jokalariak izango dira, eta, hortaz, "talde batzuek ez dute futbolari nahikorik izango partidak jokatzeko. Gainera, egin nahi ez diren joan-etorriak saihestea da asmoa".

Maila hauei eragiten die erabakiak: Lehen Maila Autonomikoa, Lurraldeko Lehentasunezko Maila, Lurraldeko Lehen Maila, Gazteen Lehen Maila, Gazteen Bigarren Maila, Kadeteen Nafarroako Liga, Kadeteen Lehen Maila, Nafarroako Kadeteen Kopa, Kadeteen Bigarren Maila, Gaztetxoen Nafarroako Lehen Maila, Gaztetxoen Lehen Maila, Gaztetxoen Bigarren Maila, Nafarroako 8ko Futbola, Kimuen 8ko Futbola, Benjaminen 8ko Futbola, Emakumezkoen 8ko Futbola, Emakumezkoen Kopa Autonomikoa, Gazteen-Kadeteen Emakumezkoen Kopa eta Emakumezkoen Kadete-Gaztetxoak.

Federazioak, halaber, jasota du, bere web orrian, noiz jokatuko dituzten atzeratutako partidak.