Itxi

Futbola

Errege Kopa

Real Madrilek Barça kanporatu du Camp Noun erakustaldia emanda eta Osasunaren aurka jokatuko du Kopako finala

A. B. E. | EITB Media

Bartzelonari Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida 0 eta 4 irabazita Real Madril izango da talde gorritxoaren aurkaria maiatzaren 6ko finalean. Barçak irabazi egin zuen joaneko neurketa 0 eta 1, baina itzulikoa galduta agur esan dio txapelketari.

  • Benzema eta Vinicius

    Benzema Bartzelonari sartutako gol bat ospatzen Vinicius atzean duela. Argazkia: EFE

Osasunak Real Madrilen aurka jokatuko du Errege Kopako finala maiatzaren 6an Sevillako Cartuja estadioan. Madrilgo taldeak Bartzelona kanporatu du asteazken honetan, apirilaren 5ean, Camp Noun jokatutako finalerdietako itzuliko neurketa 0-4ko emaitzarekin irabazita. Joanekoan Barça nagusitu zen 0 eta 1, baina Kataluniako taldearentzat ez da nahikoa izan errenta hura.

Camp Noun jokatutako Kopako finalerdietako itzuliko norgehiagokara joanekoan erdietsitako gol bateko abantailarekin iritsi da Bartzelona. Itzuliko lehiaren hasiera parekatua izan da; Bartzelona baloiaren jabe egin da, baina Real Madrilek ez dio erraztasunik eman. Bi taldeei kosta egin zaie abagune argiak sortzea, eta partida atsedenaldira golik gabe iritsiko zela ematen zuenean Real Madrilek gola sartu du; Viniciusek jarri du 0-1ekoa markagailuan, 45. minutuan.

Bigarren zatiari hobeto ekin dio Real Madrilek eta Ancelottik zuzendutako taldeak bigarren gola sartu du, 50. minutuan, Benzemaren bidez (0-2). Bigarren gol horrek min egin dio Barçari; Real Madril, aldiz, hauspotu egin du.

Madrilgo taldearen bigarren gola baino zortzi minutu beranduago, epaileak Real Madrilen aldeko penaltia adierazi du Kessiek Viniciusi area barruan egindako falta baten ostean. Benzemak hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta frantziarrak gola sartu du (0-3).

Bartzelonak bi gol behar zituen luzapena behartzeko, baina Real Madril jaun eta jabe izan da. Ezinean ibili da Barça, eta Madrilgo taldeak garaipena biribildu du Benzemak 80. minutuan sartutako beste gol batekin (0-4). Frantziako aurrelariak hat-tricka (hiru gol partidan) sinatu du.

Azken minutuetarako dena erabakita egon da, eta Real Madrilek finalerako txartela poltsikoratu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Bartzelona: Ter Stegen; Araujo, Koundé, Marcos Alonso (Eric Garcia, 66. min), Balde; Sergio Busquets, Sergi Roberto, Kessie (Ansu Fati, 59. min), Gavi; Raphinha (Ferran Torres, 66. min) eta Lewandowski.

4 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Alaba, Camavinga; Kroos, Modric, Fede Valverde (Tchouameni, 85. min); Rodrygo (Marco Asensio, 74. min), Vinícius (Ceballos, 85. min) eta Benzema (Nacho, 88. min).

Golak: 0-1, 45. min: Vinícius. 0-2, 50. min: Benzema. 0-3, 58. min: Benzema, penaltiz. 0-4, 81. min: Benzema.

Epailea: Juan Martinez Munuera. Txartel horiak ikusi dituzte Sergi Roberto (10. min), Gavi (26. min), Vinícius (26. min), Carvajal (71. min), Ferran (76. min), Alaba (86. min), Balde (86. min) Militao (87. min) eta Ansu Fati (91. min) jokalariek, baita Xavi Hernandez (15. min) entrenatzaileak ere.