Itxi

Futbola

12:00etan

Athletic–Alaves euskal derbia, gaur, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en

EITB Media

Bilboko eta Gasteizko taldeen arteko derbia 12:00etan jokatuko da, salbaziorako puntuak lortzea helburu dutela, eta zuzenean izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en.

  • Athletic Club - Alaves

    F Ligako lehen itzuliko Alaves-Athletic derbiko jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Athletic eta Alaves nor baino nor gehiago ibiliko dira gaur, apirilaren 15ean, Lezaman, F Ligako 25. jardunaldiko partidan. Euskal derbia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 12:00etan.

Salbaziora gerturatzea dute helburu bi taldeek; izan ere, Athleticek 22 puntu ditu, eta Alavesek 15. Alhamak 17 puntu ditu, eta jaitsiera postuetatik at dago. Beraz, garaipena lortzeak berebiziko garrantzia du bi euskal taldeentzat.

Athleticentzat aurrerapauso handia izango litzateke hiru puntuak lortzea, ia ziurtatuta utziko bailuke salbazioa. Alavesentzat, aldiz, ia ezinbestekoa da garaipena bereganatzea, mailari eusteko lehian aukera gehiago izaten jarraitzeko.

Bilboko taldeak berdinketa lortu du bere azken bi partidetan, Sevillaren (1-1) eta Realaren aurka (1-1). Bestalde, Gasteizko taldeak galdu egin ditu F Ligan jokatutako azken hiru neurketak, Reala (6-5), Atletico Madril (1-2) eta Sevilla (4-2) taldeen kontrakoak.

Larunbateko derbia berezia izango da bi taldeetako entrenatzaileentzat. Batetik, Iñigo Juaristi Alaveseko egungo entrenatzaileak Athletic zuzendu zuen, eta horren zuzendaritzapean lortu zituen talde zuri-gorriak Ligako tituluak. Bestetik, Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzailea Bilboko taldeko jokalaria izan zen Juaristik zuri-gorriak zuzendu zituenean.

Athleticek eta Alavesek, beraz, asko izango dute jokoan larunbat honetako euskal derbian.