Futbola
Larunbatean, 16:15ean
Athletic eta Reala, Europarako postuei begira San Mameseko euskal derbian
EITB Media
Santander Ligako 29. jardunaldiko derbia apirilaren 15ean jokatuko da, 16:15ean, San Mamesen. Zuri-gorriek Europa Ligarako postuetara gerturatzea dute helburu; txuri-urdinek, aldiz, Txapeldunen Ligako postuetan sendo jarraitu nahi dute.
-
Aritz Elustondo eta Nico Williams, lehen itzuliko Reala-Athketic derbian. Argazkia: EFE
Athleticen eta Realaren arteko euskal derbia jokatuko da apirilaren 15ean, 16:15ean, San Mamesen. Bi euskal taldeak nor baino nor gehiago arituko dira Santander Ligako 29. jardunaldiko norgehiagokan.
Zuri-gorriek garaipena nahi dute Europa Ligarako txartela ematen duten postuetara gerturatzeko, seigarren den Betis bost puntura baitute. Bestalde, txuri-urdinek hiru puntuak lortzea dute helburu Txapeldunen Ligarako postuetan sendo jarraitzeko eta beraiek baino lau puntu gutxiago dituen Vila-real are gehiago aldentzeko.
Errege Kopako finalerdietatik at geratu zen Athletic joan zen astean, baina Kopako 'kolpea' gainditu zuen Ligan Espanyolen kontra irabazita (1-2). Garaipen hari esker, Bilboko taldeak Betisekiko desabantaila murriztu zuen, eta bost puntura du orain Sevillako taldea.
Reala, berriz, sailkapeneko laugarren postuan iritsiko da San Mamesera. Txuri-urdinak denboraldi bikaina egiten ari dira, eta derbian hiru puntuak eskuratzeak Vila-realekiko abantaila handitzea ekarriko lieke.
Oscar De Marcosek ezingo du derbia jokatu, partida bateko zigorra bete behar baitu. Yeray eskuin hegaleko defentsa postuan jartzea eta Vivian eta Iñigo Martinez erdiko defentsa gisa aritzea da aukeretako bat. Beste aukera da Ander Capak jokatzea De Marcosen ordez, baina badirudi ez dela hala izango. Astean zehar entrenamenduren bat galdu duen Unai Simonek zainduko du zuri-gorrien atea.
Realean, berriz, David Silva jokatzeko moduan dago. Asteko lansaio batzuk galdu ditu kanariarrak, baina ostegunean eta ostiralean normaltasunez entrenatu da, eta txuri-urdinen hasierako hamaikakoan egongo da.