Itxi

Futbola

34. jardunaldia

Bartzelonak Liga irabazi du, Espanyoli 2 eta 4 gailenduta (2-4)

Agentziak | Erredakzioa

Lewandowskik (2), Baldek eta Koundek egin dituzte Bartzelonaren golak, eta Puadok eta Joseluk Espanyolenak.

  • Bartzelonako jokalariak, goletako bat ospatzen

    Bartzelonako jokalariak, goletako bat ospatzen. Argazkia: .

Bartzelonak 2022-2023ko Santander Liga irabazi du matematikoki igande honetan, Espanyol RCDE Stadiumen 2 eta 4 mendean hartuta.

Bartzelonak irabazi duen 27. liga da, azkena irabazi zuenetik hiru urte pasatu direnean.

Espanyol-Bartzelona partidaren laburpena

Lehen zatian, talde bakarra izan da zelaian, Xavi Hernandezena. Lewandowskik bi gol egin ditu, eta Baldek hirugarrena. Horrela, Bartzelona 0-3ko emaitza erosoarekin joan da atsedenaldira.

Bigarrenean, Bartzelonak jaun eta jabe izaten jarraitu du. Koundek laugarren gola egin du 53. minutuan, garaipena eta titulua ziurtatzeko. Puadok etxekoen lehen gola egin du 73.ean, eta arauzko denbora beteta zegoenean, Joseluk Espanyolen bigarrena egin du.

Espanyoleko ultrek ospakizuna galarazi dute

Neurketa amaitutakoan, Bartzelonako jokalariak garaipena berdegunean ospatzen saiatu dira. "Txapeldunak, txapeldunak!" oihukatuz, zelai erdian batu dira, taldeko teknikariekin batera.

Orduan, Espanyoleko zale ultra batzuk zelaian sartu dira, zenbait objektu jaurtiz, eta Esquadra Mossoek eta segurtasun pribatuak Bartzelonako kideak babestu behar izan dituzte aldageletarako bidea arazo barik hartzeko.

Partida amaituta, hainbat ultra zelaira irten ziren. Argazkiak: EFE.

Partida amaituta, hainbat ultra zelaira irten ziren. Argazkiak: EFE.

Fitxa teknikoa

2 - Espanyol: Pacheco; Oscar Gil, Cabrera, Cesar Montes, Sergi Gomez (Puado, 46. min), Brian Olivan (Oleosho, 84. min); Denis Suarez (Calero, 46. min), Darder, Melamed (Edu Expósito, 87. min); Braithwaite (Pedrosa, 55. min) eta Joselu.

4 - Bartelona: Ter Stegen; Kounde, Araujo (Jordi Alba, 63. min), Christensen (Marcos Alonso, 74. min), Balde; Busquets, Frenkie de Jong, Pedri (Kessié, 89. min); Raphinha (Dembélé, 62. min), Lewandowski eta Gavi (Ansu Fati, 75. min).

Golak: 0-1: Lewandowski, 11. min. 0-2: Balde, 20. min. 0-3: Lewandowski, 40. min. 0-4: Koundé, 53. min. 1-4: Puado, 73. min. 2-4: Joselu, 90. min.

Epailea: De Burgos Bengoetxea (Euskal batzordekoa). Txartel horia atera die Koundé, Darder eta Jordi Alba jokalariei.