Itxi

Futbola

EUROPARAKO TXARTELA

Osasuna, Athletic, Girona eta Rayo Vallecano, Europan jokatzeko txartel baten bila

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Osasuna da Konferentzia Ligako postua lortzeko ondoen kokatuta dagoena, eta bere esku dago sailkatzea. Beste taldeek, aldiz, gainerako zelaietan gertatzen denari begira egon beharko dute.

  • Osasuna - Athletic

    Aimar Oroz eta Paredes, Santander Ligako 2. itzuliko Osasuna - Athletic derbian. Argazkia: EFE

Osasuna, Athletic, Girona eta Rayo Vallecano Europan jokatzeko txartel bat lortzen saiatuko dira Santander Ligako azken jardunaldian. Gorritxoek bakarrik dute hori euren esku, eta Rayo Vallecanok du aukera gutxien, hainbat baldintza bete behar baitira Madrilgo taldeak helburua lortzeko.

Azken-aurreko jardunaldian Getaferen aurka galdu arren, Osasuna da Konferentzia Ligarako postua lortzeko ondoen kokatuta dagoena. Girona hartuko du Sadarren, eta, irabaziz gero, zazpigarren postua lortuko du, beste taldeen emaitzen zain egon beharrik gabe. Horrenbestez, partida irabazi ezean hasiko dira gorritxoak kalkuluak egiten. Osasunak berdintzen badu, Athleticek eta Rayo Vallecanok galtzea izango litzateke gorritxoen aukera bakarra Europan sartzeko. Gironaren aurka galduz gero, berriz, ez du inolako aukerarik izango.

Hain zuzen ere, 2022-2023 denboraldian ezustekoa eman duen taldeetako bat denez, Gironak lehia zuzen hori irabazi behar du, eta Athleticen emaitzaren zain egon. Kataluniako taldeak bigarren itzuli ikusgarria egin du, eta Europarako sailkapena lortzeko aukerak dituela heldu da azken jardunaldira. Konferentzia Liga jokatzeko txartela lortzeko, Gironak Osasuna menderatu behar du eta Athleticek ez du Bernabeun irabazi behar. Berdinketak edota porrotak aukerarik gabe utziko du.

Azken hiru jardunaldiak jokatu aurretik, Athletic zen aukera gehien zituen taldea, baina Sadarren Osasunaren aurka eta San Mamesen Elxen aurka galdu ostean, Ernesto Valverdek zuzendutako taldeak ez dauka bere esku Europarako sailkapena lortzea. Athletici Real Madrilen aurka irabazteak bakarrik balio dio, eta, hala eta guztiz ere, Osasuna-Girona neurketako emaitzaren zain egon beharko luke; izan ere, hiru puntuak eskuratzeaz gain, zuri-gorriek Gironak Osasunaren aurka berdintzea edo irabaztea beharko luke.

Rayo Vallecanori dagokionez, Europarako sailkapenak amaiera emango lioke Andoni Iraola entrenatzaileak egindako etapari. Europan jokatzeko txartela zaleen ametsa izan da denboraldi osoan zehar. Ametsa gauzatzeko, ordea, Rayok mendean hartu behar du Mallorca, Athleticek ez dio Real Madrili irabazi behar eta Gironak berdindu egin behar du Osasunaren aurka.

Bestalde, Sevilla ere Europarako lehian sartuta zegoen, baina Europa Ligako txapelduna denez, Andaluziako taldeak Txapeldunen Liga jokatuko du datorren denboraldian. Sevilla zazpigarren edo hortik gora geratuz gero, ez litzateke egongo Santander Ligako ordezkaririk Konferentzia Ligan. Horretarako, Sevillak irabazi egin beharko lioke Realari, eta Osasunak, Athleticek, Gironak eta Rayok galdu egin beharko lukete.