Itxi

Futbola

LALIGA EA SPORTS

Almeriak kargutik kendu du Gaizka Garitano

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Derioko entrenatzailea aurtengo denboraldian EA Sports Ligan kargugabetzen duten bederatzigarren entrenatzailea da.

  • Gaizka Garitano jokalariei oihuka

    Gaizka Garitano jokalariei oihuka. Irudia: Efe

Almeriak asteazken honetan baieztatu du Gaizka Garitano entrenatzailea kanporatu duela. Izan ere, entrenatzaile bizkaitarrak ezin izan du Andaluziako taldearen norabidea bideratu, joan zen urrian Vicente Morenoren ordez iritsi zenetik.

"Gaizka Garitanok Almeriako entrenatzaile izateari utzi dio, kluba eta entrenatzailea elkar lotzen zituen kontratua etetea adostu ostean. Horrela, euskal prestatzaileak bost hilabeteko ibilbide zuri-gorriari amaiera eman dio. Tarte horretan, Ligako 19 partida eta Errege Kopako bi zuzendu ditu", adierazi du Almeriako taldeak ohar baten bidez bere webgunean.

Euskal entrenatzailea urriaren 8an izendatu zuten Andaluziako taldearen entrenatzaile, Vicente Morenoren hutsunea betetzeko, baina Almeria zuzentzen egin duen egonaldian ezin izan du neurketarik irabazi (zazpi berdinketa besterik ez ditu lortu). Une honetan, Almeria sailkapeneko azken tokian dago, 10 punturekin, salbaziotik 14 puntura.

Horrenbestez, Garitano 23/24 denboraldiko LaLiga EA Sportseko bederatzigarren entrenatzailea da bere kargutik kendu dutena; Jose Luis Mendilibar eta Diego Alonso (Sevilla), Quique Setien eta Jose Rojo 'Pacheta' (Vila-real), Rafa Benitez (Celta), Sergio Gonzalez (Cadiz), Francisco Rodriguez (Rayo Vallecano) eta Paco Lopez (Granada) entrenatzaileen ondoren.