Futbola
Errege Kopa
Bartzelonak Alaves handi bat kanporatu du
Erredakzioa
Babazorroek garaipen batekin amets egin dute lehen zatian Viguerak gola sartu eta gero, baina Adrianok berdinketa ezarri du eta Villak beste bi golekin neurketa erabakita utzi du.
-
Bartzelona-Alaves. Argazkia: EFE
Natxo Gonzalezen mutilek Errege Kopari agur esan diote, Bartzelonaren aurka 3-1 galdu ondoren. Kataluniako taldeak joaneko neurketa 0-3 irabazi zuen, baina Camp Nou estadioan Borja Viguerak Alaves markagailuan goitik jarri du, ezustekoa emanda (0-1). Hala ere, Vilanovaren taldeak markagailua irauli egin du Adrianoren eta David Villaren golekin.
Alavesek erasoan indartsu hasi du aurreneko zatia, eta Tito Vilanovaren mutilek ezin izan dute ezarri euren ohiko jokoa. Lehenengo zatiko 17. minutuan Arabako taldeak ezusteko handia eman du Camp Nou estadioan Borja Viguerak 0-1ekoa jarri baitu markagailuan. Errioxako aurrelariak buruarekin ederki errematatu du, eta Victor Valdesek ezin izan du baloia desbideratu.
Bartzelonak erantzuna azkarregi eman nahi izan du, eta Natxo Gonzalezen mutilak ondo itxi dira defentsan. Hala ere blaugranen aurreneko aukera argian Adrianok 1-1ekoa lortu du. Brasildarrak baloia Herrera atezainaren hanken azpitik sartu du, eta Vilanovaren taldeak berdinketa jarri du markagailuan. Bartzelonak bigarren lortzeko abaguneak izan ditu atsedenaldia heldu aurretik, baina Tellok eta Villak ezin izan dute Herrera gainditu.
Bigarren zatiko 10. minutuan David Villak gol ikusgarria eskuratu du, falta jaurtiketa zuzenaz, eta Bartzelona 2-1 markagailuan goitik jarri da. Jarraian, Alavesek erantzun bikaina eman du, baina epaileak Mikiren gola baliogabetu egin du. Jokalari zuri-urdina ez da jokoz kanpoko posizioan egon, eta epaileak hanka sartu du. Hurrengo jokaladian Villak blaugranen hirugarren gola lortu du.
Norgehiagokako azkeneko minutuetan Alavesek bigarren gola lortzeko abaguneak izan ditu, baina Natxo Gonzalezen mutilek ezin izan dute gainditu Victor Valdes. Bartzelonak neurketa aise kontrolatu du, eta Tito Vilanovak harrobiko jokalari gazteei minutuak jokatzeko aukera eman die. Azkenean, Arabako taldeak Errege Kopari agur esan behar izan dio.
- Fitxa teknikoa:
3 - Bartzelona: Pinto; Montoya, Mascherano, Puyol (Cesc, 79. minutua), Adriano (Planas, 72. minutua); Dos Santos (Deulofeu, 68. minutua), Song, Sergi Roberto; Tello, Thiago eta Villa.
1 - Alaves: Herrera; Oscar Rubio, Agustin, Luciano, Javi Hernandez, Manu Garcia; Jaume, Miki, Jonan (Llamas, 79. minutua); Luismi (Barahona 66. minutua) eta Viguera (Guzman, 66. minutua)
Golak: 0-1, 17. minutua: Viguera. 1-1, m.35: Adriano. 2-1, 55. minutua : Villa. 3-1, 58. minutua: Villa.