Reala
Garaipena Anoetan
Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du, Mallorca mendean hartuta (1-0)
EITB Media
Sergio Franciscoren taldea jaun eta jabe izan da ia partida osoan zehar, baina Jagoba Arrasateren taldeak norgehiagoka berdintzeko aukeraren bat ere izan du, Oyarzabalek Reala markagailuan aurretik jarri ondoren.
-
Oyarzabalen ospakizuna, txuri-urdinei garaipena eman dien gola sartu ondoren. Argazkia: EFE
Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du Mallorcaren aurka, Anoetan, Oyarzabalen golari esker. Gogor jardun dute partida, eta Sergio Franciscok zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da ia norgehiagoka osoan zehar, baina Jagoba Arrasateren taldeak markagailua berdintzeko aukeraren bat ere izan du.
Realak bi abagune bikain izan ditu lehen zatian. Lehenik, Barrenetxearen erremate bat, Leo Romanek kornerrera bidali duena, eta, ondoren, Aramburuk area txikitik buruz egindako erremate bat, ate gainetik joan dena.
Mallorca zelaian deseroso ibili da, eta Antonio Sanchezen burukada bigun batekin erantzun du, baina Alex Remirok arazorik gabe gelditu du. Arrasateren mutilek aukera argiena 24. minutuan izan dute, Mateo Josephek area barrutik egindako erremate baten bidez. Remirok geldiketa ona egin dio.
41. minutuan Barrenetxeak izan du berriro abagunea, baina Oyarzabalen pase ona jaso ostean bere jaurtiketa langa gainetik joan da, ozta-ozta.
Bigarren zatia Oyarzabalek buruz egindako errematearekin hasi da, Aramburuk erdiratu ostean. 48. minutuan, Donostiako taldearen presio on batek Mallorcak baloia galetzea eragin du, Kubok Barrenetxeari pasea eman dio, eta horrek Oyarzabali ate aurrean utzi dio, eibartarrak 1-0ekoa egin zezan.
Hortik aurrera, Anoetak berpiztuta eta babestuta, Gipuzkoako taldea baloiaren jabe izaten hasi da. Solerrek 2-0ekoa egiteko aukera izan du 59. minutuan, baina Mallorcaren atezainaren geldiketa on batek eragotzi du. Etxekoen minuturik onenak izaten ari zirenez, Arrasatek zelaian hanka freskoak sartzea erabaki du: Domenech eta Darder.
Caleta-Carrek korner batean burukada egin eta partida erabakitzeko aukera izan du, baina errematea ate gainetik joan zaio (67. minutua). Hurrengo minutuan, Mallorcak berdinketa lortzeko abagunea izan du kontraeraso batean, baina Mateo Josephek ez du Remiroren aurrean asmatu.
80. minutuan iritsi da polemika. Epaileak Mallorcaren aldeko penaltia adierazi du Barrenetxeak eskuz jo omen duelako baloia, baina VARean aztertu ondoren, Iosu Galechek baliorik gabe utzi du hasieran adierazitakoa. Barrenetxeak besoa gorputzera itsatsita zeukan. 84. minutuan, Sergio Franciscok Sadiq Umar zelairatu du lehen aldiz denboraldi honetan. Nigeriarrak txistuak zein txaloak entzun ditu zelairatu denean.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Caleta-Car, Sergio Gomez (Aihen, 74. m); Gorrotxategi, Soler (Turrientes, 64. m), Brais Mendez (Marin, 74. m); Kubo (Guedes, 84. m), Oyarzabal eta Barrenetxea (Sadiq, 84. m).
0 - RCD Mallorca: Leo Roman; Maffeo (Morey, 78. m), David Lopez (Domenech, 62. m), Valjent, Raillo, Lato (Mojica, 78. m); Antonio Sanchez (Darder, 62. m), Mascarell (Samu Costa, 43. m), Pablo Torre; Joseph eta Muriqi.
Gola: 1-0, 48. min: Oyarzabal.
Epailea: Iosu Galech Apezteguia nafarrak txartel horia atera die Brais Mendezi (34) eta Beñat Turrientesi (85) (Reala); baita Maffeori (19) eta Antonio Sanchezi ere (34) (RCD Mallorca).
Anoetan jokatu da EA Sports Ligako 6. jardunaldiko partida, 22.442 ikusleren aurrean. Norgehiagoka hasi aurretik, Anoetak omenaldia egin die Orio eta Arraun Lagunak Kontxako Banderaren irabazleei.

