Reala
Euskal derbia
Denek irabazi nahi dute Anoetan
Agentziak | Erredakzioa
Realak ez du oraindik garaipenik lortu etxean, eta zuri-gorrien entrenatzaileak ez du inoiz irabazi Donostian. Denboraldiko lehen euskal derbia, igandean 20:30etan.
-
Reala - Athletic, igandean 20:30etan / EFE.
Realak eta Athleticek irabazi nahi dute, inoiz baino gehiago, Anoetako euskal derbia. Etxekoek lehen garaipena nahi dute Donostian, eta kanpokoek Ligako ibilbidea hobetu nahi dute. Ernesto Valverdek ez du inoiz Anoetan irabazi, ez jokalari bezala ezta entrenatzaile bezala ere.
Realaren azken garaipena Anoetan maiatzaren 1ean izan zen, Levanteren kontra, aurreko denboraldia. Momentu horretatik, berdinketa bat eta bi porrot eskuratu ditu, azkena Espanyolen aurka (2-3).
Txuriurdinak lasaiago daude Granadaren garaipenaren ostean (0-3). Aurrelariek golak egin dituzte berriro, eta gainetik kendu dute presioa derbiari begira.
Gero Rulli prest egongo da berriro, eta ziurrenez, hasierako hamaikakoan egongo da. Gainontzeko lerroetan, gutxi izan daitezke David Moyesek sartutako aldaketak.
Imanol Agirretxek lau gol egin ditu bi partidatan, eta aulkira bidali du Jonathas, Realaren proiektu berriaren izar nagusia.
Atzeko lerroan, Iñigo Martinez-Diego Reyes bikotea bikain aritu da, bostetik hiru partidatan hutsean utzi dutelako atea.
Athleticek bultzada nahi du Ligan beheko postuetatik irteteko, Vila-realen aurka (3-1) eta Real Madrilen kontra (1-2) jasandako porroten ostean. 3 puntu baino ez dute, aurreko denboraldian bezalaxe.
Ostegunean Europa Ligako bigarren jardunaldia izango du aurrean, AZ Alkmaarren kontra. Anoetan irabazita, Europan bide onetik jarraitzeko indarra hartuko lukete. Augsburgoren aurkako lehenengo neurketa irabazi zuten.
Ernesto Valverdek lesio asko izan ditu taldeandenboraldi hasieratik, baina orain prest ditu jokalari guztiak, Iker Muniain izan ezik.
Hamaikakoa Real Madrilen aurkakoaren antzekoa izan daiteke. Mikel Ricok Mikel San Jose ordezkatu lezake, eta Ibai Gomezek ala Iñaki Williamsek, Sabin Merino, azken bi partidak osorik jokatu ditu eta.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Reala: Rulli; Elustondo, Diego Reyes, Iñigo Martinez, De la Bella; Illarramendi, Granero, Zurutuza; Canales, Vela eta Agirretxe.
Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Rico, Beñat; Susaeta, Raul Garcia, Ibai; eta Aduriz.