Itxi

Reala

Helmantico

Lasarte (Salamanca-Reala): "Ondo jokatuko dugulako susmoa dut"

Ander Altuna

Zubieta

Aldagelak duen konfiantza berretsi du entrenatzaileak. Realzaleen uholdeaz berriz, taldearentzat "garrantzitsua" eta "onuragarria" dela dio.

"Soriakoa edo Vallecasekoa eredutzat hartuz, tankera horretako neurketa jokatzea da gure helburua. Astean zehar jokalariek egindako lana dela eta, partida ona jokatuko dugulako susmoa dut". Baikortasunez eta konfiantzaz mintzatu da gaur goizean Martín Lasarte,&' || 'nbsp;Realeko entrenatzailea, Zubietako mikrofonoen aurrean.

Salamancako lehiaren testuingurua txuri-urdinen aldekoa dela dirudi. Bata, gora begira jarrita dago, helburu mamitsua lortzeko borrokan. Bestea aldiz, ur handitan sartu da beherantza nabarmen egin eta gero. Harmailetan gainera, 2 000 realzaletik gora espero da. Horren inguruan galdetuta, "zaleen babesa sentitzea garrantzitsua da jokalarientzat. Ez zait iruditzen irabazteko presioa areagotzen duenik horrek, kontrakoa. Onuragarria zaigu", erantzun du uruguaitarrak.

Zuhurtziaz busti ohi ditu bere hitzak Lasartek eta gaur lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du sor litekeen antsietatea sahiesteko. "Errealitateari men eginaz, bide onetik goazela esan genezake. Hala ere, ez dago deus erabakita. Joan den astean, zalantzak izan ziren nagusi, ezbaian zegoen guztia. Aste honetan, berriz, egoerak argigarriagoa dirudi. Horrela izango da. Neurketak jokatu egin behar ditugu eta kito".

Salamancara bidaiatu baino lehen, norgehiagoka aurreko azken saioa burutuko dute bihar goizean txuri-urdinek Zubietan. Ondoren emango du deialdiaren berri.