Reala
Igandean, 12:00etan
Cartagena-Reala: Ibilia zuzentzeko garai egokia
Ander Altuna
Zubieta
Cartagonovan hautsi nahi du Realak etxetik kanpoko bolada eskasa. Zubikarai, Markel, Songo'o eta Viguera dira deialdiko berritasunak.
Askoren usteak usteldu ditu Cartegenak, ez baitu bere ibilian beherakada nabarmenik izan. Erabateko kontzentrazioz jokatu beharraz hitz egin zuen atzo Ansotegik. Zuzen dabil. Toche, Victor eta De Lucasek osatzen duten hirukoak bakarrik, 34 gol sartu ditu eta horiek kate motzean lotu ezean nekez aterako da gailen Reala Cartagonova zelaitik. Lan defentsiboa eraginkorra bada, irabaztetik gertuago izango dira ziur.
Badira berritasunak Lasartek osaturiko jokalari-zerrendan. Mandaluniz eta Illarramendi beheko taldera itzuli dira. Bueno, aldiz, min hartu da eta entrenatzaileak nahiago izan du Estrada kolonbiarra kanpoan utzi. Zubikaraik, Markelek, Viguerak eta Songo''ok hartu die lekukoa. Lau horien artean, atezainak baino ez du hasieratik jokatzeko aukera. Hain zuzen, galdera nagusiak horretan datza: nork jokatuko du, ondarrutarrak ala Riesgok? hortik aurrera, ez dirudi aparteko iraultza egingo duenik teknikariak. Agirretxeren parte hartzea ziurtzat jotzen da Buenoren tokian eta baliteke usubildarraren atzetik Nsuek jokatzea. Zurutuza ez dago sasoi betean eta Lasartek berak atzo aurreratu zuen mallorkarra erditik aritu zitekeela.