Itxi

Reala

Larunbatean, 18:00etan

Reala-Rayo: Illarramendi eta Albistegi gazteak, protagonista

Ander Altuna

Zubieta

Sanseko bi hauez gain, Jonathan Estradaren itzulera da deialdiko beste berritasuna.

Aurrenekoz aurkitzen da zelai erdia birmoldatzeko atakan Lasarte. Rivas, Aranburu eta Elustondo izan dira barruko jokoaren arduradunak denboraldia hasiz geroztik, astero astero horietako bi gutxinez, hasieratik lerrokatu dituelako, baina bihar ezingo du halakorik egin. Entrenatzaileak berak aurreratu zuenez, Markelen parte hartzea ziurtzat jo daiteke euskarri postuan. Bikotekidea jakitea falta da ordea. Itxuraz, Sergio Rodríguez zelairatuko du teknikariak Zurutuzaren atzetik. Errioxarra titular izan zen Anoetan jokaturiko azken neurketan eta prentsa aretoan garbi esan zuen euskarri peto-petoa dela. Gainera, eskarmentu handia du bigarren mailan. Horregatik ageri da Illarramendi eta Albistegi gazteen aurretik, nahiz ezin daitezkeen bi hauen izenak ezabatu.
Illarramendi mutrikuarrak 20 urte ditu eta hirugarrenez sartu da zerrendan. Denboraldi osoa darama Lasarteren aginduetara baina asteburuan Sanserekin jokatu ohi du. Debutatzeko aukerarain zain dago.

Alex Albistegi berriz, lesio larri batetik irten zen duela hilabete batzuk. Lillo entrenatzaile lanetan zegoela, hainbat lagunartekotan hartu zuen parte eta lehen talderakin jokatzeko aukera handiak zituen, harik eta belaunean oinazea izan arte. Eibarren sortua orain 22 urte, estrainekoz sartu da deialdian.

Zubietako harribitxiak dira biak eta bertako arduradunen ustez laster emango dute zer esana.

Bihar arituko dira nor baino nor Reala eta Rayo eta gipuzkoarren kasuan, neurketa garrantzitsua da oso. Irabaziko balute, laugarren sailkatua zazpi puntura utziko luketen zazpi partidaren faltan. Urrats erabakiorra emateko aukera izango du eta halakoak baliatzean dago giltza.