Reala
Igandean Anoetan
Reala-Celta: Helmuga zeharkatu nahi dute
Ander Altuna
Erredakzioa
Lasartek ez du aldaketarik egin jokalari-zerrendan eta Cadizko hamaikako beraren aldeko apustua egingo du bihar Celtaren kontra.
Kaleko giroak salatu du Realak zer lor dezakeen asteburu honetan. 41 jardunaldi amaigabeen ondoren, bihar Anoetan bilduko diren 30 000 jarraitzaileek ez dute zalantzarik txikiena ere: lortuko dugu. Horregatik azken egunok ez dute antzekotasunik izan liga hasiz geroztiko gainontzekoekin. Ez dago zertan balitz eta bazanik aipatu behar buruketa arrunta baita. Garaipena patrikaratzeak, txapelketa irabaztea eta igoera ziurtatzea esan nahi du. Berdinketak ere balio dio bigarren mailatik ziztu bizian alde egiteko. Galduta ere gerta liteke helburua gauzatzea, baina kasu horretan beste emaitzen menpe egon beharko luketen txuri-urdinek eta inork ez du horrotan pentsatuz segundorik galdu nahi. Zuhurtziaz beteriko mezuak zabaldu ditu aldagelak kanpoko euforia baretu nahirik: “erne, oraindik ez dago egina eta tentsioa eta kontzentrazioa eteten baditugu gorriak ikusiko ditugu”. Jakin baitakite, logikak ez duela beti agintzen futbolaren erreinuan. Mendizorrotzako adibidea argigarria da oso. Dena den, erlajazio zantzurik txikiena ere desagerrarazi egin nahi izan du Lasartek eta bihar ikusiko da lortu ote duen.
Ezinbesteko aurrerapausoa eman zuten gipuzkoarrek joan den astean Cadizen eta entrenatzaileak jarraipena eman dio bertan protagonista izan zen jokalari multzoari: bai zerrenda osatzerakoan, aldaketarik ez baitago, baita hamaikakoan ere. Ramon de Carranzan hasieratik jokatu zutenek errepikatuko dute bihar Celtaren kontra. Gauzak hala, hauxe izango da hasierako lerrokapena: Zubikarai, Martinez, Ansotegi, Gonzalez, De la Bella, Rivas, Aranburu, Prieto, Zurutuza, Griezmann eta Bueno.
Historia liburuan beset arrakasta pasarte bat idazteko garaia heldu zaie. Puertollanokoaren aldamenean. Anoetan da hitzordua 18etatik aurrera. Sinisteko unea da.