Itxi

Reala

1-2

Bartzelonak markagailua irauli du, Anoeta Berriaren estreinaldi historikoan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ligako txapeldunak dardarka jarri ditu Anoetako harmailak ospakizunez betetako estreinaldian markagailua txuri-urdinez jantzi ostean. Garaipenaren ametsak 63. minututik aurrera egin du ihes.

  • Illarramendi eta Suarez. Argazkia: EFE

    Illarramendi eta Suarez. Argazkia: EFE

Realaren eta Bartzelonaren arteko neurketa jokatzen hasi aurretik, erretiratu berri den Agirretxek bere momentua izan du. Omenaldi beroa Anoeta Berriak eskaini diona, eta berak ordainetan, ohorezko sakea atera du. Donostiako etorkizuneko zelaiaren zapore berria dastatu duen aurreneko taldea izan da Bartzelona, eta horrek jardunaldia are bereziagoa izatea ekarri du.

Lehen zatian

Norgehiagoka hasi eta hamabi minutura, Ruben Pardok baloia arean sartu eta Aritz Elustondok mendean hartu du, ezkerrarekin, gupidarik gabe, ate barrura sartu eta Anoeta berriaren aurreneko gola egiteko eta 1 eta 0ekoa sinatzeko. Zoramena eta garaipena izan da nagusi zaleen artean, ospakizunarekin zelaia dardarka jarriz.

Reala beldurrik gabe aritu du txapeldunaren aurka. Baloiaren jabetza Bartzelonak izan du baina txuri-urdinek burutu dituzte jokaldirik arriskutsuenak. Minutuek aurrera egin ahala, kataluniarrek pilota ukitzen aritu dira, baina ez dute jokaldi askorik sortu. Alegia, zaila egin zaie Realaren defentsa desorekatzea. Hortaz, Bartzelona pilota mugitzen saiatu da, baina Realak ez du hutsunerik utzi. Bestalde, 43. minutuan, Illarramendik txartel horia jaso du.

Garitanoren taldeak aurrea hartu dio Bartzelonari aurreneko zatian eta markagailua txuri-urdinez jantzi dute atsedenaldira iristerakoan.

Bigarren zatian

Bartzelonak aldaketekin eman dio hasiera bigarren zatiari, hain zuzen ere, Coutinho zelairatu baita Semedoren ordez. Realak, berriz, gozatzen eman dio hasiera bigarren zati horri. Alegia, afizioaren berotasuna bidelagun txapeldunaren aurka gailenduz. Gauzka horrela, zehazki, 26.757 zale hurbildu dira Anoetako estreinaldian.

Garaipenaren ametsa, ordea, 63. minututik aurrera suntsitu da Luis Suarezek gola egin duenean, Dembelek jaurtitako korner batek hasitako jokaldia burutuz. Horren jarraian, berdinketa iritsi eta 3 minutura, Bartzelonak olatua hartu eta bigarrena egin du Dembeleren eskutik, Realari aurrea hartuz. Bartzelonak hortaz, markagailua irauli du Anoeta Berriaren estreinaldi historikoan.