Itxi

Reala

3-1

Realak lehenengo aldiz jokatuko du Kopako finala

eitb.eus

Anoetan gailendu dira txuri-urdinak, Palaciosen eta Etxezarretaren golekin. Sevillako Martak bere atean sartu du. Finala maiatzaren 11n jokatuko dute, Atleticoren aurka, Granadan.

  • Realeko jokalariak, finalerdiko hirugarren gola ospatzen.

    Realeko jokalariak, finalerdiko hirugarren gola ospatzen / Argazkia: EFE.

Realak Sevillari irabazi dio Erreginaren Koparen finalerdian (3-1), eta lehenengo aldiz jokatuko du txapelketako finala. Maiatzaren 11n izango da, Granadan, Atletico Madrilen aurka. Madrildarrek Bartzelona kanporatu dute.

Anoetako neurketako goleatzaile txuriurdinak Palacios eta Etxezarreta izan dira. Gainera, Martak gola sartu du bere atean, Realaren alde. Maddik ere gola egin du bere atean, Sevillaren alde.

Sevillak, Ligako azkenak, ez ditu donostiarrak ustekabean harrapatzeko aukera asko izan. Seigarren postuan dago Reala, eta sasoi onean dago.

Hasieratik ez dute atsedenik izan jokalariek. Txuriurdinak lehen minutuan jarri dira aurretik, Cardonaren jokaldi bikain baten ostean. Sevillarentzat amesgaiztoa izan da Realeko jokalaria, eta bere jokaldia aprobetxatu du Palaciosek Noeliaren atean gola sartzeko.

Hala ere, hurrengo jokaldian, berdindu egin du Sevillak. Jokaldi horretan Maddi Torrek bere atean sartu du gola.

Berdinketaren ostean, behera etorri dira tentsioa eta jokoa, eta bi areak erabat itxi dituzte.

Baina Sevillak konfiantza gehiegi hartu du, eta 25. minutuan, falta jaurtiketa batean, Nahikarik orpoz jo dio, eta Bautistak barrura errematatu du. Sevillako Martaren laguntza izan du Realak, bere atean sartu baitu gola.

Bigarren zatian, Sevilla saiatu bada ere, donostiarrek hirugarrena eskuratu dute, falta jaurtiketa batean. Etxezarreta ia ateraino sartu da baloiarekin.

Eroso bukatu du norgehiagoka Realak, eta zaleekin ospatu dute sailkapen historikoa.

FITXA TEKNIKOA

Reala: Mariasun; Maddi, Cardona (Manu, 57. min), Mendoza, Etxezarreta; Nahikari García (Olaizola, 90. min), Itxaso; Palacios (Chini, 65. min), Soldevilla, Bautista (Eizagirre, 57. min) eta Baños.

Sevilla: Noelia; Marta (Isa Haas, 46. min), Bores (Maca, 56. min), Maite, Cometti, Araya, Nago, Olga; Liucija (Payne, 46. min), Lara (Karpova, 70. min) eta Morilla.

Golak: 1-0, 1. min: Palacios. 1-1, 2. min: Maddi (b.a.). 2-1, 25. min: Marta (b.a.). 3-1, 52. min: Etxezarreta.