Reala
Errege Kopa
Reala eta Osasuna, final-laurdenetarako txartelaren bila
Erredakzioa
Errege Kopako final-zortzirenetako euskal derbia gaur jokatuko da, 21:00etan, Reale Arenan.
-
2019-2020 Ligako Osasuna-Reala partidako irudia. Argazkia: EFE
Reala eta Osasuna nor baino nor ariko dira gaur Reale Arenan, 21:00etan, Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketan. Euskal derbiak erabakiko du bietako zeinek lortzen duen final-laurdenetarako sailkapena.
Astean zehar Willian Jose izan da protagonista Realean, aurrelari brasildarrak Espanyolen aurkako Kopako neurketa ez jokatzea eskatu baitzuen Tottenhamek fitxatu nahi duelako. Oraindik ez da afera konpondu, eta Willian Josek talde txuri-urdinean jarraitzen du, momentuz. Imanol Alguacil entrenatzaileak 19 jokalariz osatutako deialdia eman du, eta futbolari bat utzi beharko du kanpoan.
Hauxe izango da Realak aterako duen hamaikakoa: Remiro egongo da atepean, Gorosabel, Zubeldia, Le Normand eta Aihen Muñoz defentsako lerroan, Guevara, Odegaard eta Merino zelai erdian, aurrealdean Barrenetxea, Isak eta Oyarzabal kokatuko direlarik.
Bestalde, Osasuna luzerako lesionatu den Chimy Avila gabe joango da Donostiara. Hala ere, talde gorritxoak Enric Gallego ekarri du Getafetik, utzita, eta litekeena da aurrelariak hasieratik jokatzea.
Jagoba Arrasate entrenatzaileak, hamaikako hau zelairatuko du: Juan Perez atepean, Nacho Vidal, Unai Garcia, Roncaglia eta Estupiñan defentsan, Rober Ibañez, Moncayola, Iñigo Perez eta Ruben Garcia zelai erdian, aurrealdea Cardonak eta Enric Gallegok osatuko dutelarik.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Muñoz; Guevara, Odegaard, Merino; Barrenetxea, Isak eta Oyarzabal.
Osasuna: Juan Perez; Nacho Vidal, Unai Garcia, Roncaglia, Estupiñan; Rober Ibañez, Moncayola, Iñigo Perez, Ruben Garcia; Cardona eta Enric Gallego.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero.
Estadioa: Reale Arena.
Ordua: 21:00etan.