Itxi

Reala

1-0

Reala, Superkopako finalera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leire Bañosek 16. minutuan egindako golari esker eskuratu du Realak finalerako txartela. Bestalde, Atleticok eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko duten partidan erabakiko da aurkaria.

  • Realeko jokalariak Leire Bañosen gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak Leire Bañosen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak historia egin du berriz ere, Levante menderatuta (1-0) Superkopako finala jokatzeko txartela eskuratu baitu. Atleticok eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko duten partidaren irabazlea izango du aurkari talde txuri-urdinak.

Neurketa zirraragarria bizi izan dugu zuzenean Euskal Telebistan. Leire Bañosek Reala aurretik jarri du markagailuan 16. minutuan, eta gol horrek eman die garaipena txuri-urdinei partidaren amaieran. Talde gipuzkoarrak defentsa bikaina egin du, baina Levantek hainbat jokaldi arriskutsu sortu ditu berdinketa bilatu nahian.  

Gola jaso ostean, Levantek gorabehera ugari izan ditu taldean, defentsak hainbat hutsegite izan baititu, zelaiaren erdialdean nagusitu arren. Nahikariren bertikaltasunak, gainera, areagotu egin ditu gorabehera horiek.

Jokaldi zuzenak eta eraso arinak egin dituzte gipuzkoarrek, eta Leire Bañosek eta Nuria Mendozak burutu dituzte, jaurtiketa arriskutsuak eginez.

Levantek 71. minutuan egin du jokaldirik azpimarragarriena, baina epaileak baliogabetu egin du Alba Redondok egindako gola jokoz kanpo zegoelako. Bai jokalariek bai zaleek gogor kritikatu dute epailearen erabakia.

Minutuek aurrera egin ahala, eta neurketaren bizitasuna kontuan hartuta, nekea nagusitu da zelaian, biak ala biak nor baino nor gehiago aritu baitira.

Azkenik, epaileak luzapenari amaiera eman dio, eta Realak ilusioz eta pozez ospatu du Superkopako finala jokatzeko txartela.

Fitxa teknikoa:

1. Reala: Quiñones, Iraia, Etxezarreta (Manu, 93. min), Lucia, Mendoza, Barbara (Sara Olaizola, 89. min), Tejada (Maddi, 76. min), Itxaso, Marta Cardona (Eizaguirre, 76. min) Nahikari eta Leire Baños.

0. Levante: Paraluta, Batlle, Ivana, Rocio, Alharilla (Gemma, 82. min), Zornoza, Maitane, Marta Corredera (Esther, 55. min), Banini (Jucinara, 75. min), Eva Navarro eta Redondo.

Gola: 1-0, 16. min; Leire Baños.

Epailea: Ainara Andrea Acevedo Dudley.