Reala
Primera Iberdrola
Reala, garaile Granadillaren aurka
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 1-0eko emaitzarekin irabazi du partida. Ceciliak sartu du gola, 87. minutuan.
-
Reala-Granadilla partidako irudia. Argazkia: @RealSociedad
Realak garaipena lortu du Granadilla Teneriferen aurka (1-0) jokatu duen Iberdrola Ligako 21. jardunaldiko partidan, eta 33 puntu bildu ditu jada, sailkapenaren goialdean jarraitzen duelarik.
Neurketako lehen minutuetan Granadilla izan da nagusi, nahiz eta abagune argirik sortu ez duen. Talde bisitariak 13. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina Mariasun Quiñones atezainak eragotzi du Maria Joseren gola. Realaren erantzuna 37. minutuan iritsi da, kanpora joan den Nuria Mendozaren errematearen bitartez.
Bigarren zatia ere abagune gutxikoa izan da. Nuria Mendozak 64. minutuan egindako falta jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Realak eta Tenerifek ez dute joko onik azaldu Zubietako berdegunean, eta golik gabeko berdinketarekin iritsi da norgehiagoka azken txanpara. 87. minutuan, ordea, Ceciliak 1-0ekoa egin du Marta Cardonaren erdiraketa sare barrura errematatuta. Ondorioz, garaipena eta hiru puntuak lortu ditu Realak.