Itxi

Reala

1-0

Epailearen erabaki polemiko batek Realaren porrota eragin du, Camp Noun

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-0eko emaitzarekin galdu du Bartzelonaren aurka. Messik sartu duen penalti eztabaidagarri batek erabaki du norgehiagoka.

  • Bartzelona-Reala. Argazkia: EFE

    Isak Realeko jokalaria, Bartzelonaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Bartzelonaren aurka (1-0) Camp Noun, Ligako 27. jardunaldiko partidan. Epaileak Barçaren alde adierazi duen penalti eztabaidagarri batek eragin du txuri-urdinek neurketa galtzea.

Erritmo biziarekin hasi da neurketa, eta Realak izan du lehen abagunea, De Jongek aldendu duen Odegaarden jaurtiketa baten bitartez. Bartzelonaren erantzuna hamargarren minutuan etorri da, baina Remirok hankekin desbideratu du Braithwaiten errematea. Ondorengo minutuetan talde txuri-urdina egin da baloiaren jabe, baina abagune argirik sortu gabe. Bartzelonak ere ez du ezer asko egin erasoan. Hala ere, 30. minutuan Messik pase loratua jaso du area barruan, eta jaurtiketa gora bidali du. Realaren erantzuna azkar etorri da, 33. minutuan, Portu gutxigatik errematea egitera iritsi ez den jokaldi baten bitartez. Atsedenaldira iritsi aurretik, Messi gola sartzetik gertu egon da, baina argentinarraren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina urratuta.

Bigarren zatiaren hasieran, lehia parekatua izan da, baina Bartzelonak izan ditu abagune onenak, Messiren bitartez; 54. minutuan argentinarrak izkin egin du area barruan eta kanpora jaurti du, eta, sei minutu beranduago, Bartzelonako izarrak area txikian egin duen errematea gora bidali du. Partidako 65. minutuan, Remiro atezainak Bartzelonaren gola eragotzi du, Rakiticen jaurtiketa indartsuari erantzun bikaina emanda.

Bartzelonaren abaguneen ostean, Reala berriro baloiaren jabe izan da, eta Barça ezinean ibili da. Isakek kanpora bota du area barruan egin duen jaurtiketa 75. minutuan. Bartzelona norgehiagokako unerik zailenak pasatzen ibili denean, epaileak Barçaren aldeko penaltia adierazi du, VARa kontsultatu ostean, Le Normandek erdiraketa besoarekin motzu duelako area barruan. Erabakia oso polemikoa izan da, irudiak ez baitu argi utzi Le Normandek besoarekin ala sorbaldarekin jo duen baloia. Gainera, penaltiko jokaldian erdiraketa egin duen Vidal, jokoz kanpo egon da errematera joan denean. Epaileak ez du erabakia aldatu, eta Messik 1-0ekoa sartu du, penaltiz.

Gola jaso ostean, Realak erasora jo du. Monrealek area barruan eman dituen bi paseek ez dute errematatzailerik aurkitu, Bartzelonako defentsek moztu dituztelako. Azken segundoetan, Bartzelonak bigarren gola sartu du Jordi Albaren bitartez, baina epaileak baliogabetu egin du, hegaleko jokalaria jokoz kanpo zegoelako. Amaieran, punturik gabe geratu da Reala.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Alba; Busquets, Rakitic (Arturo Vidal, 74. min), De Jong; Messi, Griezmann (Ansu Fati, 85. min) eta Braithwaite (Junior Firpo, 88. min).

0 - Reala: Remiro; Gorosabel, Llorente (Zubeldia, 71. min), Le Normand, Monreal; Guevara, Merino, Ödegaard; Portu, Barrenetxea (Oyarzabal, 58. min); eta Isak (William Jose, 83. min).

Gola: 1-0, 81. min: Messi, penaltiz.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak atera dizkie Lenglet (16. min), Messi (42. min), Merino (56. min), Pique (61. min), Guevara (76. min) eta Busquets (88. min) jokalariei.