Itxi

Reala

25. jardunaldia

Azken minutuan egin dio ihes garaipenak Realari Valdebebasen (1-1)

A. A. | EITB MEDIA

Vinicius brasildarrak 89. minutuan orekatu du Portuk 55. minutuan sartutako gola, eta sari handiagorik gabe utzi du Imanol Alguacilen taldea.

0
Real Madril – Real Sociedad partidako laburpena eta gol guztiak

Reala garaipenik gabe geratu da Real Madrilen aurka, Valdebebasen jokatutako neurketako azken minutura aurretik iritsi ostean. Aitzitik, azkenean puntu batekin konformatu behar izan du (1-1), Vinicius Junior brasildarrak 89. minutuan berdindu baitu txuri-urdinek 55. minutuan lortutako abantaila, Cristian Portugues ‘Portu’-k buruz sartutako gol eder bati esker.

Lehen zatian, etxeko taldeak lau aukera ere izan ditu markagailuan aurretik jartzeko, baina partidaren nondik norakoa erabat aldatu da bigarren zati hastearekin batera. Izan ere, gipuzkoarrak askoz aktiboago zelairatu dira, eta Porturen burukada ikusgarri batean aurkitu dute saria, Monrealek ezker hegaletik bikain jarritako erdiraketa bat baliatuta.

Golak Real Madril esnatu du, baina horren aurretik txuri-urdinak neurketa erabakita uzteko zorian izan dira, baina Portuk ez du asmatu Isak aurrelari suediarrari baloia behar zen bezala bidaltzen.

Azkenerako, baina, Viniciusek partida berdintzea erdietsi du, neurketa amaitzear zegoenean eta, ondorioz, Realari hiru puntura murriztu zaio Betisekiko zuen aldea, sailkapeneko bosgarren tokiaren lehian.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Varane, Nacho, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric (Valverde, 76. min), Isco (Vinicius, 61. min); Marco Asensio (Rodrygo, 61. min) eta Mariano (Hugo Duro, 61. min).

1 - Real Sociedad: Remiro, Gorosabel (Sagnan, 82. min), Zubeldia, Le Normand, Monreal, Guevara, Zubimendi; Portu (Barrenetxea, 72. min), David Silva (Aihen, 85. min), Oyarzabal eta Isak (Carlos Fernández, 82. min).

Golak: 0-1, 55. min: Portu. 1-1, 89. min: Vinicius.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Gorosabel (Real Sociedad).