Reala
Ostegunean, 21:00etan
Realak lehen garaipena lortu nahi du Europa Ligan Sturm Grazen aurka
A. B. E. | EITB Media
Txuri-urdinek talde austriarraren kontra jokatuko dute ostegunean Europa Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partida.
-
Mikel Merino eta Aritz Elustondo, Monakori sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak Sturm Graz izango du aurkari ostegun honetan Austrian, Europa Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak ez du garaipenik lortu oraindik eta hiru puntuak eskuratzea izango du helburu.
Momentuz, Realak berdindu egin ditu txapelketa honetan orain arte jokatu dituen bi norgehiagokak, PSV Eindhovenen eta Monakoren aurkakoak. Sturm Graz B multzoko sailkapeneko azken postuan dago, eta orain arte ez du punturik erdietsi.
Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea Santander Ligako lider moduan iristen da neurketa honetara. Andoni Gorosabel eta Martin Zubimendi hasierako hamaikakoan egongo dira, eta Julen Lobetek ere hasieratik joka lezake Mikel Oyarzabal ez baita jokatzeko prest egongo. Gainera, David Silvak ere hasierako hamaikakoan sartzeko aukera asko ditu.
Bestalde, Sturm Grazek garaipena behar du multzoen faseko bigarren itzulira aurrera egiteko aukerekin iritsi nahi badu. Otar Kiteishvili, Stefan Hierländer eta Lukas Jäger futbolariek ez dute Realaren aurka jokatuko, min hartuta baitaude.
Ustezko hamaikakoak:
Sturm Graz: Siebenhandl; Gazibegovic, Affengruber, Wuthrich, Dante; Ljubic, Stankovic, Prass, Niangbo; Jantscher eta Yeboah.
Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Muñoz; Zubimendi, Merino, Silva; Lobete, Portu eta Isak.
Epailea: Tobias Stieler (Alemania).
Estadioa: Liebenau.
Eguna eta ordua: Urriak 21, osteguna, 21:00etan.