Itxi

2021/10/28

21:03

Reala

0-2

Realak lidergoa sendotu du Celtaren aurka garaipena lortuta

A. B. E. | EITB Media

Txuri-urdinek 0-2ko emaitzarekin irabazi dute Balaidosen jokatutako Santander Ligako 11. jardunaldiko partida. Sailkapeneko lehen postuan da Reala eta hiru puntu ateratzen dizkie Real Madril, Sevilla eta Betis taldeei.

0
Celta vs Real Sociedad: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Realak garaipena lortu du Celtaren aurka (0-2) Balaidosen ostegun honetan jokatu duen Santander Ligako 11. jardunaldiko partidan eta lidergoa sendotu du. Talde txuri-urdina sailkapeneko lehen postuan da 24 punturekin eta hiru puntu ateratzen dizkie atzetik dituen Real Madrili (bigarren), Sevillari (hirugarren) eta Betisi (laugarren).

Lehen bost minutuetan bi abagune argi izan ditu Celtak: Nolitok kanpora bidali du jaurtiketa oso gutxigatik etxeko taldeak bigarren minutuan egin duen kontraeraso azkar baten ostean, eta hiru minutu beranduago Ryan atezainak eragotzi du Vigoko taldearen gola, Denis Suarezen erremateari erantzun bikaina emanda. Realari kosta egin zaio norgehiagokari neurria hartzea, baina 12. minutuan gola sartzeko bi aukera izan ditu: Portuk atzean utzi ditu aurkariak, pasea eman dio Januzaji, eta belgikarraren jaurtiketa kanpora joan da; ondoren, Isakek area barrutik egin duen jaurtiketa Dituro atezainak desbideratu du, gola eragotzita.

Norgehiagokako lehen ordu laurdenean lau abagune egon dira, bi talde bakoitzarentzat, baina ondoren Celta eta Reala ez dira gola sartzeko aukerak sortzeko gai izan, neurketa atsedenaldira iristear zenera arte; 44. minutuan, Ryanek talde galiziarraren gola eragotzi du, lehenengo Denis Suarezen jaurtiketa desbideratuta eta ondoren Santi Minaren erremateari erantzun ona emanda.

Bigarren zatiaren hasieran ere Realeko atezaina izan da protagonista, Celtaren gola saihestu baitu Brais Mendezen errematea geldituta. Handik gutxira, talde txuri-urdinak kontraeraso baten bidez erantzun, eta Isakek gola sartu du (0-1): Portuk pasea eman dio Januzaji, Dituro atezainak belgikarraren jaurtiketa desbideratu du, baina aldaratzea Isakek jaso eta sare barrura bultzatu du baloia.

Talde txuri-urdinak gola sartu eta hurrengo jokaldian Celtak abagune bikoitza izan du, baina Ryan azaldu da gelditu bikoitza eginda; lehenengo gola saihestu du Iago Aspasekin izan duen buruz burukoan, eta jarraian Santi Minaren errematea desbideratu du. Ekinean jarraitu du Galiziako taldeak, eta Reala atzean sartu da, kontraerasora irteteko zain. Hala, 65. minutuan, talde txuri-urdinak kontraeraso azkarra egin du, Isak area barruan sartu da, baina jaurtiketa kanpora joan zaio.

Celta nagusi izan da, arriskua eraman du Realaren ate ingurura eta gola sartu du 75. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du Brais Mendez jokoz kanpo egon delako errematea egin duenean. Bost minutu beranduago, ordea, Realak bigarren gola sartu du; kornerra atera du talde txuri-urdinak, Merinok errematea egin, eta Elustondok 0-2koa jarri du markagailuan baloiak bere bizkarrean jo eta Dituro atezaina gainditu baitu.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldearen bigarren golak erabakita utzi du partida. Celta saiatu da aldeak murrizten, baina Reala sendo egon da defentsako lanean. Aamaieran, hiru puntuak eskuratu ditu talde txuri-urdinak.

Fitxa teknikoa:

0 – Celta: Dituro, Hugo Mallo (Galhardo, 78. min), Aidoo (Araujo, 88. min), Murillo, Galan, Beltran (Cervi, 68. min), Brais Mendez, Denis Suarez (Solari, 78. min), Nolito (Tapia, 68. min), Iago Aspas eta Santi Mina.

2 – Reala: Ryan, Zaldua, Le Normand, Aritz, Aihen (Diego Rico, 84. min), Zubimendi, Merino, Januzaj (Zubeldia, 65. min), Silva (Turrientes, 65. min), Portu (Sorloth, 65. min) eta Isak (Lobete, 78. min).

Golak: Isak (0-1, 55. min), Elustondo (0-2, 80. min).

Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera dio Fran Beltran (45. min) Celtako jokalariari.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;