Itxi

Reala

Europa Liga

RB Leipzig, aurkari zaila Realarentzat

EITB Media

Txuri-urdinek talde alemaniarraren aurka jokatuko dute Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketa. Joaneko partida Alemaniako Red Bull Arenan jokatuko da otsailaren 17an; itzulikoa, hilaren 24an, Reale Arenan.

  • RB Leipzig

    RB Leipzigeko jokalariak Borussia M'Gladbachen aurka sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak RB Leipzig izango du aurkari Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketan. Astelehen honetan egin da zozketa UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan.

Leipzig 2009an sortutako kluba da, esperientzia gutxi du Europako txapelketetan, eta, gaur egun Bundesligako zazpigarren postuan da. Hala ere, iragan denboraldian Alemaniako ligako txapeldunordea izan zen, eta 2019-2020 denboraldian Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatu zituen.

Red Bull enpresaren babespean, ahaltsua da ekonomikoki. Yussuf Poulsen, Andre Silva eta Emil Fosberg jokalariak dira taldeko izarrak. Gainera, Dani Olmo, Angeliño eta Ilaix Moriba bezalako kalitate handiko jokalariak ere baditu.

Partida berezia izango da Alexander Sorlothentzat; izan ere, aurrelari norvegiarra Realean jokatzen ari da RB Leipzigek utzita. Sorlothek ez zuen tokirik Alemaniako taldean, eta utzita joan zen Realera denboraldi hasieran.

Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko neurketa otsailaren 17an jokatuko da Alemaniako Red Bull Arena estadioan; itzulikoa, aldiz, hilaren 24an Donostiako Reale Arenan.