Itxi

Reala

Osasun-txostena

Mikel Merino egonkor dago etxean atseden hartzen, derbian garuneko kommozioa izan ostean

EITB Media

Realeko jokalaria Basurtuko Ospitalera eraman zuten Athleticen aurkako San Mameseko euskal derbian Mikel Vesgarekin kolpe gogorra izan ostean. "Egonkor dago etxean, atseden fisikoa eta kognitiboa hartzen", jakinarazi du klubak.

  • Mikel Merino eta Iker Muniain

    Mikel Merino (Reala), Mikel Vesgarekin (Athletic) izan zuen kolpearen ostean. Argazkia: EFE

Mikel Merino Realeko jokalariak garuneko kommozioa izan zuen igandean San Mamesen Athleticen aurka jokatu zuen euskal derbian. Erdilaria Basurtuko Ospitalera (Bilbo) eraman zuten, Mikel Vesga talde zuri-gorriko jokalariarekin izandako kolpe gogorraren ostean. "Merino egonkor dago, etxean atseden hartzen", jakinarazi du Realak.

"Bart gaueko partidan garuneko kommozioa izan zuen. Basurtuko Ospitalera eraman zuten, eta han ebaluatu zuten, egitura-aldaketarik ikusi gabe", adierazi du Donostiako klubak osasun-txosten baten bidez.

Merinok 62. minutuan utzi behar izan zuen San Mameseko berdegunea Mikel Vesgarekin kolpe gogorra izan ostean. Biek zelaia utzi zuten min hartuta, eta talde txuri-urdineko jokalaria Basurtuko Ospitalera eraman zuten.

Nafarroako erdilariaren parte-hartzea zalantzan dago osteguneko Leipzigen aurkako Europa Ligako partidarako. Zaila ematen du Merinok jokatu ahal izatea. Final-hamaseirenetako itzuliko neurketarako, Diego Rico min hartuta da; gainera, zalantza dira Adnan Januzaj eta Alexander Isak.