Itxi

Reala

LESIOA

Robin Le Normand lesionatu egin da, eta ez da Manchesterren aurka jokatzeko moduan izango

EITB MEDIA

Defentsa txuri-urdinak estres mekanikoak eragindako hezur lesioa duela adierazi du Realak.

  • Le Normand

    Le Normand Atletico Madrilen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Robin Le Normandek "estres mekanikoak eragindako hezur-lesio bat du ezker oineko bigarren metatartsianoan". Hala eman du jakitera Realak sareetan zabaldu duen ohar batean. Hortaz, itxura guztien arabera, ostegunean talde txuri-urdinak Manchesterren duen Europa Ligako norgehiagoka galduko du.

Klubak aipatu oharrean zehaztu duenez, fisioterapia bidez artatzen ari dira defentsa frantziarra eta lesioaren bilakaeraren arabera itzuliko da ohiko jardueretara.

Le Normand oinarrizko jokalarietako bat da Imanol Alguacil entrenatzailearentzat, ligako partida guztietan titular gisa zelairatu baitu, eta 37 partida jokatu zituen aurreko denboraldian. Aritz Elustondo eta Jon Pacheco dira Le Normandek hurrengo asteetan utziko duen hutsunea betetzeko hautagaiak.

Jokalari frantziarrak ia ez du lesiorik izan bere ibilbidean zehar, eta arrazoi horrengatik txapelketako partida bat galdu zuen azken aldia 2018-19 denboraldian izan zen.