Itxi

Reala

SUPERKOPA

Reala, Superkoparen bila

EITB MEDIA

Finalerdietan Huelvari irabazita, Bartzelona izango du aurrez aurre Espainiako Superkopako finalean talde txuri-urdinak.

  • Realeko jokalariak Bernaberen gola ospatzen

    Realeko jokalariak Bernaberen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak Bartzelona izango du aurkari Espainiako Superkopako igande honetan 12:00etan Meridan jokatuko den finalean. Talde txuri-urdinak Huelva mendean hartu zuen finalerdietan Barnaberen gol bati esker, eta Natalia Arroyok zuzendutako taldeak bere bigarren Superkopako finala jokatuko du.

Donostiarrek 2020an jokatu zuten euren lehen finala. Orduan, Kopako txapeldun izan zen Reala, eta Superkopako finalerdietarako sailkatu zen. Final hartan ere, Bartzelona izan zuen aurkari; Barçk ez zien aukerarik eman txuri-urdinei, eta Kataluniako taldeak 10-1 irabazi zuen.

Aurtengoak, ordea, beste itxura bat du. Izan ere, denboraldi honetan dagoen aurrekari bakarra Johan Cruyff estadioan jokatutako partida da; Realak ez zizkion gauzak erraz jarri Bartzelonari eta kataluniarrek 2019tik heltzen zioten bolada onari amaiera jartzekotan izan ziren, nahiz eta hiru puntuak Barçak poltsikoratu zituen. Reala aurreratu zen markagailuan atsedenaldiaren aurretik, ondoren Kataluaniako taldeak lehia berdindu zuen, eta Bartzelonak 89. minutuan lortu zuen garaipenaren gola.  

Superkopako finalerdiak ez ziren errazak izan bi finalistentzat. Bartzelonak, luzapenean bi gol sartuta irabazi zion Real Madrili. Partidako 59. minutuan, Irene Paredes gipuzkoarrak txartel gorria ikusi zuen, eta, hortaz, ezin izango du Realaren aurkako finala jokatu. Bestalde, Realak 1-0 irabazi zion Huelvari bigarren zatian Alejandra Bernabek eskuratutako golari esker.

Realak ez du lan erraza izango baina ilusioz helduko dio erronkari. Nerea Eizagirre kapitainak argi hitz egin du: "Ez daukagu beldurrik, gauzak ondo egin beharko ditugu irabazteko, baina prest gaude''.

Hauek izan daitezke bi taldeen hamaikakoak:

Reala: Elene Lete; Le Guilly, Tejada, Vanegas, Bernabe; Iris Arnaiz, Eizagirre, Gema Gili; Mirari, Amaiur Sarriegi, Franssi.

Bartzelona: Paños; Bronze, Torrejón, Mapi León, Rolfö; Walsh, Aitana, Patri Guijarro; Crnogorcevic, Geyse, Pina.